Bost saio jokatu dira 2020ko Bardoetako bigarren asteburuan, eta hasiak dira finalaurrekoei begira gauza batzuk argitzen. Asteburukoekin, lehenbiziko faseko 13 saioetatik 10 jokatu dira honezkero, eta asteburu baten faltan, finalaurrekoetako txartela eskuratu dute Berako Lamixene eta Malerrekako Bertsonautak taldeek.
Otsailaren 7an hiru saio izan ziren. Lehenengoan, Elgorriagako ostatuan jokatutakoan, eskualdeko Bertsonautak eta Larraun da Araitz. Bi dozena taldeak izan ziren kantuan, eta lehenbizikoek eskuratu zuten puntua, Maialen Kamino gai-jartzaile zela. 50 lagun inguru bildu ziren ostatuan, giro ederrean.
Barañaingo Gaztetxean jokatu zen ostiraleko bigarren saioa, eta herriko Bertsopiztiak eta Erroibar eta Aezkoa bailaretako Pirini Bardo taldeak izan ziren parez pare, 30 lagunen aurrean. Zuhara Zaratiegik eta Idurre Villanuevak egin zituzten gai-jartzaile lanak. Azkenean, etxean gelditu zen puntua.
Ordu beretsuan izan zen Lizarrako saioa, herri horretako Gure Geroa Elkartean. Bertan, 40 lagun ingururen aurrean kantatu zuten Lizarrako bardeak eta Leitzako Atekaberts komeni taldeek. Talde bisitariak eskuratu zuen saioko puntua.
Otsailaren 8an, Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean jokatu zen saioa, eta bertan izan ziren etxeko Drimtin eta Berako Lamixene taldeak. Xabier Terreros izan zen aurkezle, 50 lagunen aurrean. Azkenean, Berako taldeak eskuratu zuen puntua, bi saiotan bigarrena eskuratuz, eta hala, finalaurrekoetarako sailkapena ziurtatuz.
Otsailaren 9an, azkenik, Barañaingo Akelamendi Elkartean izan zen saioa, herriko Ipar Haizea eta Malerrekako Bertsonautak taldeak elkartu zituena. Azken horrek eskuratu zuen puntua, bere bigarrena, eta hortaz, finalaurrekoetan egoteko txartela ziurtatu zuen.
Hiru saio lehen fasea bukatzeko
Heldu den asteburuan jokatuko dira Bardoetako lehen faseko azken hiru saioak, Leitzan, Lesakan eta Otsagabian, eta orduan zehaztuko dira finalaurrekoak. Lau multzotan banatuta daude orain taldeak, eta sei talde pasako dira hurrengo fasera: lau multzo horietako lehenengoak, D multzoko bigarrena, eta A,B eta C multzoen arteko bigarren sailkatuetan onena. Hemen ikusi liteke txapelketaren egitura.