Bardoak

Larunbatean jokatuko da Etxarri Aranatzen Bardoen finala

Argazkia: Hiru taldeetako parte hartzaileak.

Etxarri Aranazko frontoian jokatuko da finala, martxoaren 19an, arratsaldeko 17:00etan hasita. Hiru taldek hartuko dute parte finalean, Iruñeko “Obario Maldikoak”, Leitzako “Atekaberts” eta Berako “Larungo Antenak”.

Honako bertsolariak dira finalean egongo direnak: Saioa Alkaiza, Aimar Karrika eta Irati Majuelo “Obario Maldikoak” taldean; Ander Fuentes “Itturri”, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi eta Migel Mari Elosegi “Luze”, “Atekaberts” taldean eta Julen Zelaieta, Aitor Elexpuru, Patxi Castillo eta Jokin Pinatxo, “Larungo antenak” taldean.

Bardoetan parte hartu duten gainerako taldeetako kideek zein entzuleen botoek erabakiko dute zein talde den Bardoen hirugarren edizio honen irabazlea.

Finalean honako lana egin beharko dute hiru talde finalistek, taldekideen artean banatuta:

 Hasierako agurra, taldeka puntuagarria

1.atala

  • Zortziko handian binaka gaia emanda hiruna bertso
  • Zortziko txikian binaka ofizioka hiruna bertso
  • Sei puntuko motzean binaka ofizioka hiruna bertso

2.atala

  • Zortziko txikian hiru punturi erantzun
  • Objektu bati bertso bana
  • Gaia emanda doinu eta neurri librean bertso bat osatu, publikoak oinak asmatuz (“potokumeak”)

3.atala

  • Koplak taldeka, bi kideren artean
  • Gaia emanda talde bakoitzeko taldekide banak bi bertso osatu

4.atala

  • Hiru rol desberdinekin eta egoera emanda, hiruko ofizioa, bina bertso osatu arte

5.atala

  • Puntukako saioa taldekideen artean

v  Bukaerako agurra, banaka ez puntuagarria

Finalerako sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. 10 euroan dago sarrera Bertsozale Elkarteko bazkideentzat, 5 euroan 16 urtetik beherakoentzat eta 12 euroan gainerakoentzat.

Internetez gain, Nafarroako hainbat herritan salgai daude saiorako sarrerak: Etxarri Aranatzen Leku Ona eta Xapatero tabernetan, Iruñean Karrikirin, Leitzan Maimur liburudendan, Beran Kataku ostatuan eta Lesakan okindegian.

Ohi bezala, finala amaituta triki-poteoa egongo da herrian barna eta amaitzeko Bardoen afaria. Afarirako txartelak ere salgai daude, horiek soilik internetez erosten ahal dira eta kopuru mugatua da.

Bardoen finala antolatzeko, Etxarri Aranazko udalaren eta Sakanako bertso-eskolaren laguntza izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Urtarrilaren 22an abiatu zen Bardoen aurtengo edizioa eta osotara 23 saio jokatu dituzte Nafarroan barna. 121 parte-hartzaile izan dira 16 taldetan banatuta, horietatik 71 bertsolari zirela. Hirugarren edizio honetan Bardoak eremu berrietara zabaldu dira eta lehen aldiz Lizarran, Altsasun eta Aurizberrin taldeak atera dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!