Bardoak

Ariketa berriekin eta bertso giro bikainean abiatu da Barañainen bigarren fasea

Ostiralean izan zen hitzordua Barañaingo Haizea elkartean eta beste behin ere 70 bertsozaletik gora bilduta, giro paregabean ekin zitzaion fase berriari.

Barañain/Berriozarko “Hiru garabardo eta pintxo bat” taldea (Sarai Robles, Mikel Lasarte, Ainara Ieregi) eta Iruñeko “Obario Maldikoak” (Saioa Alkaiza, Irati Majuelo, Aimar Karrika) izan ziren kantuan. Hasierako agurretan txotxongiloak, bertsoak eta musika uztartu zituzten eta hainbat ariketa berri planteatuta (Habaneran zein Juana Bixenta doinuan taldekideen artean, Segidillan…), publikoarekin konektatzea lortu zuten bertsolariek. Oso saio umoretsua osatu zuen seikoteak eta aurkezle lanetan gainera Barañaingo gaztetxoen bertso-eskolako kideak izanik, harreman berezia sortu zen bertsozaleekin.

Bertsolariak

Azkenean, “Obario Maldikoak” taldearentzat izan zen jokoan zegoen puntua. Datorren martxoaren 4an Iruñean jokatuko den itzuliko saioan erabakiko da ligaxka honetako zein taldek egingo duen sailkapenean aurrera.

Dena den saio horren aurretik bigarren faseko beste saio bat jokatuko da; otsailaren 26an izango da hitzordua Leitzako Atekabeltz gaztetxean 22:00etan hasita. Kantuan, Leitzako “Atekaberts” eta Lesakako “Unibertsolariak” taldeak izanen dira.  

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!