Asteburuan zehar jokatutako bost saioek bukaera eman diote Bardoetako lehen faseari, ohikoa bilakatu den giro paregabean.
Ostiralean Mezkiritzeko Txoko elkartean izan zen lehen hitzordua. Ia 60 bertsozalek aretoa erabat bete zuten eta gazte zein helduak elkartuta giro berezia sortu zen bertsotarako. Duela urte gutxi Aurizberrin sortutako bertso-eskolatik abiatuta eratutako “Pirini Bardó” taldea (Aitor Zazpe, Ibai Carballo, Joseba Martinez, Karine Etxeberri, Fernando Ziganda eta Josetxo Ubao) eta Iruñeko “Obario Maldikoak” (Saioa Alkaiza, Aimar Karrika eta Irati Majuelo) aritu ziren kantuan. Iruindarrek puntua irabazita, bigarren faserako sailkatzea lortu zuten eta merendu oparo batekin eman zitzaion amaiera saioari.
Ostiraleko bigarren saioa Alliko ostatuan izan zen. 50 bertsozalek lagunduta, bertako “(Larraun da Araitz) Bi dozena” taldea (Arkaitz Goikoetxea, Joana Ziganda, Juan Mari Larreta eta Luis Mari Irastortza) eta Iruñeko “Mirristi Drimtim” taldea (Oscar Sanz de Acedo, Martin Azpiroz eta Mikel Juaniz) aritu ziren. Kasu honetan ligaxkan aurrera egitea lortu duen taldea Berako “Larungo antenak” izan da, aurreko asteburuetan irabazitako bi saioei esker.
Larunbatean berriz, Otsagabiako Gartxot elkartean izan ziren Bardoak. 35 bertsozalek jarraitu zuten saioa, Iruñeko “Xirristi Drimtim” taldeak (Xabier Terreros, Xabier Zarraluki, Migel Anjel Ortiz de Guzman eta Unai Uberetagoena) eta Lesakako “Unibertsolariak” osatu zutena. Lesakarrek eskuratu zuten puntu irabazlea eta bigarren faserako txartela.
Etxarri-Aranatzen ere larunbatean izan zen hitzordua. Bertako gaztetxean 40 lagun bilduta jokatu zen saioa, Etxarriko “Einnekin” (Eneko Lazkoz, Saats Karasatorre eta Jon Arratibel) eta Barañaingo “Barakinak” (Ander Perez, Lizar Aleman, Jon Arrizibita eta Pablo Perez) taldeen artean. Etxekoek irabazita, bigarren fasean izango dira sakandarrak.
Asteburuko azken saioa igandean izan zen, Iruñeko Iturrama auzoko Erletokieta auzo lokalean. Bertan, Barañaingo “Barakinak” eta “Lizarrako kardoak” (Mikel Pinillos, Cesar Etxeberria, Aitor Irazustabarrena, Ander Aranburu, Egoitz Galarza eta Pello Etxaniz) ikusteko aukera izan zuten aretoa bete zuten 40 bertsozaleek. Barañaingoek saioa irabazi bazuten ere, sailkapenean aurrera egitea ez zuten lortu, epaileen puntu baturagatik “Hiru garabardo eta pintxo bat” taldea sailkatu baita.
Sailkapena erabakita, otsailaren 19tik martxoaren 6ra bitarte jokatuko den bigarren fasean sei saio antolatuko dira ondoko taldeen artean, joan-etorriko saioak izanik:
Unibertsolariak (Lesaka) – Atekaberts (Leitza)
Larungo antenak (Bera) – Einnekin (Etxarri-Aranatz)
Obario Maldikoak (Iruñea) – Hiru garabardo eta pintxo bat (Barañain/Berriozar)
Datak eta lekuak datozen egunetan zehaztuko dira.
Bigarren fasetik hiru talde pasako dira martxoaren 19an Etxarri-Aranatzen jokatuko den Bardoak taldekako txapelketako finalera.