Dena prest da Elizondoko finalerako

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Bertsozale Elkartea 2015ko mar. 23a, 09:33

Otsailaren 7an Iruñean hasitako Nafarroako Bertsolari Txapelketak amaiera izango du martxoaren 28an, Elizondoko Baztan pilotalekuan arratsaldeko 17:00etatik aurrera jokatuko den finalarekin.

Guztira 33 bertsolari izan ziren txapelketa hasi zutenak eta finalera bitarteko 9 saioetan lehian aritu direnak: 2014ko abenduan kanporaketa fasea jokatu ondotik, otsailaren 7tik martxoaren 15era bitarte 5 final-laurden eta 3 finalaurreko jokatu dira. Azkenean, horietatik zortzi sailkatu dira finalera: Julio Soto (Gorriti, 1987), Xabier Terreros (Lesaka, 1981), Eneko Lazkoz (Etxarri Aranatz, 1983), Aimar Karrika (Auritz, 1988), Ander Fuentes “Itturri” (Zubieta, 1979), Eneko Fernandez (Lesaka, 1977), Oskar Estanga (Gaintza, 1978) eta Julen Zelaieta (Bera, 1980). Zortziko horretatik aterako da Nafarroako txapeldun berria, 2013an Xabier Silveirak eskuratu baitzuen txapela.

2015eko finalista guztiak, inoiz finalean egondako bertsolariak dira eta txapeldun izandako bi bertsolari daude tartean; Julio Soto (bi aldiz txapelduna: 2010 eta 2011n) eta Julen Zelaieta (2008ko txapelduna). Hala, Zelaietak bederatzigarren finala izango du aurtengoa (2003, 2005, 2006, 2007, 2008, 2009, 2010, 2011 eta 2015), Xabier Terrerosek laugarrena (2008, 2010, 2011 eta 2015), Julio Sotok zazpigarrena (2006, 2008, 2009, 2010, 2011, 2013 eta 2015), Eneko Lazkozek laugarrena (2010, 2011, 2013 eta 2015), Oskar Estangak seigarrena (1997, 1998, 2010, 2011, 2013 eta 2015) eta Ander Fuentes (2009, 2015), Eneko Fernandez (2013, 2015) zein Aimar Karrikak (2013, 2015) bigarren finala jokatuko dute.

Iruñeko Anaitasunan egindako azken finalarekin alderatuta, egiturari dagokionean hainbat aldaketa izango ditu Elizondoko finalak. Honela, Fernando Anbustegi eta Alaitz Rekondo aurkezleek gidatuta, honakoa da bertsolariek egin beharko duten lana:

Binaka gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian

Binaka gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian

Banaka lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian

Binaka gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian

Banaka gaia emanda, bi bertso nahi den doinu eta neurrian

Ondoren, puntuaziorik altuena duten bi bertsolarien artean buruz-burukoa jokatuko da:

Binaka gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte

Binaka gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean

Kartzelako lana: Banaka gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian

Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken bi edizioetako finalak (2011, 2013) Iruñean jokatu baziren ere, aurten Elizondora bueltatuko da. Egun, txapelketako final bat Iruñean egiteko babes nahikorik ez du Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta bereziki egoera ekonomikoak bultzatuta gauzatu da aldaketa. Azken urteetan bertsolaritzaren transmisioan eta indartzean lan handia egin da Baztanen eta final gogoangarriak jokatu izan dira Elizondon. 2015eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalarekin beraz, beste urrats bat eman nahi da bertsolaritzaren sustapenean.

Finalerako sarrera hemezortzi eurokoa da, hamabi euro Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat. Sarrerak aldez aurretik bi modutara eskuratu daitezke; www.bertsosarrerak.eus atariaren bitartez edo ondorengo salmenta puntuetan: Elizondoko Fantxike dendan eta Intza ostatuan, Iruñeko Karrikirin, Lesakako okindegian, Leitzako Maimur liburudendan, Lekunberriko Lanbroa liburudendan eta Etxarri Aranazko Xapatero tabernan. Takila berriz, arratsaldeko 15:00etan zabalduko da pilotalekuan bertan.

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaren ostean triki-poteoa izango da Elizondoko tabernetan zehar eta afaria ere eginen da Elizondoko Trinketean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!