Berriozarko finalaurrekoan, sei bertsolari arituko dira kantuan: Jon Barberena baztandarra, ohiko finalista eta aurtengo final-laurdenetako Iruñeko saioa irabazita zuzenean sailkatua. Julio Soto gorritiarra, bi aldiz txapelduna eta Irurtzungo saioa irabazita zuzenean sailkatua. Eneko Fernandez lesakarra, aurreko edizioko finalista eta Txapelketa Nagusian aritutako bertsolaria. Iñigo Olaetxea lesakarra, txapelketako parte-hartze mailan beteranoa eta urtez luzez finalista izandakoa. Alazne Untxalo iturendarra, bertsolari gaztea eta txapelketan ohiko parte-hartzailea. Eta Sarai Robles barañaindarra, hau ere bertsolari oso gaztea eta txapelketan lehen parte-hartzea duena. Aurkezle lanetan berriz, Fernando Anbustegi arituko da.
Berriozarko finalaurrekoa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da martxoaren 28an Elizondoko pilotalekuan jokatuko den finalera. Gainontzeko bertsolariek puntuazio orokorren zain egon beharko dute.
Saiorako sarrera hamar eurokoa da, sei euro Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat. Sarrerak aldez aurretik Berriozarko Ekia ekodendan eskuratu daitezke edo www.bertsosarrerak.eus atarian. Takila berriz, arratsaldeko 16:00etan zabalduko da aretoan bertan.
Berriozarko Udalak lagundu du saioa antolatzen.
Igandean, Lesakan
Honako sei bertsolariak arituko dira kantuan Lesakan: Aimar Karrika auriztarra, aurreko edizioko finalista eta Zubiriko saioa irabazita zuzenean sailkatua. Ander Fuentes “Itturri” zubietarra, txapelketan beteranoa, finalista izandakoa eta Lizarrako final-laurdena irabazita zuzenean sailkatua. Julen Zelaieta beratarra, txapeldun izandakoa eta ohiko finalista. Xabier Terreros lesakarra, lau urtetako geldialdiaren ondotik txapelketara itzulitakoa eta hainbat edizioetako finalista. Amaia Elizagoien oronoztar bertsolari gaztea, txapelketan bigarren parte-hartzea duena eta Kotte Plaza iruritarra, Baztango helduen bertso-eskolako kidea eta lehen aldiz txapelketan lehian dabilena. Saioa, Alaitz Rekondok aurkeztuko du.
Berriozarren bezala, Lesakan ere saioa irabazten duenak zuzeneko sailkatzea lortuko du finalerako eta gainontzeko bost bertsolariek martxoaren 15ean Burlatan jokatuko den hirugarren eta azken finalaurrekora arte itxaron beharko dute puntuazioz finalistak diren jakiteko.
Lesakako saiorako sarrerak, www.bertsosarrerak.eus atarian eta herriko okindegian eskuratu daitezke. Takila, arratsaldeko 16:00etan zabalduko da Kultur Etxean bertan.
Lesakako finalaurrekoaren antolaketan Lesakako udalak eta Bortzirietako Bertso Eskolak lagundu dute.