Ekonomian, teknologian, nazioartekotze politiketan eta turismoan bi lurraldeek "interes berberak" dituztela nabarmendu du Tapiak, eta horregatik "elkarrekin lan egin behar" dutela adierazi du. Aierdik Tapiaren hitzekin bat egin du, eta esan du espero duela bi erkidegoak elkarlanean hastea "herritarren ongizatearengatik". Europan EAE eta Nafarroa Euskal Herriaren zati biren gisara aurkeztuko dituztela azaldu dute: "Bi herrialde gara, bi eskualde, nahi duzuen bezala esan, baina elkarrekin egin behar dugu lan", zehaztu du gero Tapiak.
Vanguard Europako ekinbide ekonomikoa izan dute hizpide biek. Bi erkidegoak programaren parte dira, baina orain arte, ez dira inoiz elkarlanean aritu. Adibide gisa, Volkswagen enpresa jarri du Tapiak: Nafarroan badago ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hornitzaile ditu. Bi erkidegoetako instituzioek "elkarri bizkarra eman gabe" lan egiteko unea dela uste dute bi ordezkariek.
Gaurko bilera, irailean Iñigo Urkullu lehendakariak eta Uxue Barkos Nafarroako presidenteak egin zutenaren ondoren egin dute. Bilera hartan, bi agintariek erkidegoen artean "harremanak normalizatzeko beharra" nabarmendu zuten.