Nafarroa eta Lapurdi zeharkatuko dituen goi tentsioko linea onartu du Bruselak

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko aza. 18a, 17:17

Tentsio altuko kable bat, Gabiria parean (Gipuzkoa)./ Aimar Maiz

Lehentasunezko proiektuen artean sartu du Europako Batzordeak, eta dirulaguntza emango dio. Nafarroa Beheretik ere pasako da agian.

[Berrian irakurritakoa]

Iker Aranburu

Argindar linea berria zehazki nondik igaroko den ez da garbi. Europako Batzordeak gaur onartutako zerrendan, "proiektu generiko" deitzen zaio linea berriari, ez Frantziako ez Espainiako gobernuek ez dutelako oraindik erabaki zein ibilbide izango duen.

Espainiako Industria Ministerioaren 2015-2020 planean, berriz, Muru Artederreta (Nafarroa) eta "Frantziako muga" arteko goi tentsioko linea agertzen da 2020tik aurrera gauzatuko diren proiektuen artean, baina onartzen du agian abiapuntua ez dela herri hori izango, baizik eta "Itsaso-Muru Artederreta-Castejon" linea berriko beste gune batetik irten daitekeela. Azken horrek Madrilen proiektuen artean jarraitzen du, Ministerioaren arabera, tartean behin "Euskal Herrian sortzen diren hornidura arazoak" konpontzeko beharrezkoa delako.

Uste denez, Nafarroatik abiatuko den linea Landetan amaituko da, Cantegrit herrian. Horrek esan nahi du lineak ia derrigorrez zeharkatuko duela Lapurdi, eta baliteke Nafarroa Beherea ere ukitzea. Zailagoa dirudi Zuberoatik igarotzea.

Europako Batzordeak diruz lagunduko dituen proiektuen artean jarraitzen du Bizkaiko Golkoko proiektuak. Gatika (Bizkaia) eta Akitania lotu behar ditu linea horrek, itsaso azpian sartuko duten kable baten bidez. Juncker planaren finantzaketa jasoko duen proiektuen artean dago.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!