Desoreka

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Petxarroman 2015ko aza. 10a, 08:44

[Iritzia Berrian]

Nafarroako aldaketaren gobernua babesten duten bi alderdik —Ezkerrak eta Ahal Dugu-k— PSN eta UPNrekin bat egin dute hezkuntzaren lan eskaintza publikoa errefusatzeko, euskaraz jakitea eskatzen delako lanpostuen bi herenetan. «Desorekatua» da, haien aburuz, 320 irakasle postuetatik 228tan euskaraz jakitea eskatzea. Desorekatua hitz egokia izan daiteke orain arte Nafarroako erakundeek egin duten politika azaltzeko. Baina desorekatua hizkuntzarik ahulenaren aurka, jakina. Batetik, milaka nafarri galarazi dielako euskaraz ikastea, zonifikazioak dakarren hizkuntz apartheid-aren erruz. Eta desorekatua, lege babes falta horren erruz euskara ez aurrera ez atzera utzi dutelako.

Otsailean eskatu zuen Nafarroako Parlamentuak D eredua eskaintzeko eremu ez-euskaldunean ere. Horrek, logikaz, irakasle euskaldunen premia handia dakar. Eta, besteak beste, premia horri erantzun dio lan eskaintzak. Ezkerrak eta Ahal Dugu-k gobernu akordioan onartu dute D eredua Nafarroa osora zabaltzea. Zer dela eta, orain, halako desplanterik?

Bide batez, bi alderdiek ez lukete ahaztu behar hauxe: euskara derrigorrean exijituko zaien 228 irakasle horiek badakite gaztelaniaz ere. Eta ez dute arazorik izango eskolak hizkuntza horretan emateko. Beraz, kontua baldin bada euren burua euskalduntzeari uko egiten diotenek izandako pribilegioei eustea, argi esan dezatela. Eztabaida ere orekatze aldera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!