Espainiako Kongresuko hauteskundeetara ez bezala, Senatuko hauteskundeetara batera aurkeztuko dira Nafarroako Gobernua babesten duten lau indar politikoak. Gaur iluntzean jakinarazi du Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Laura Perezek alderdi horrek aintzat hartu duela gizartean aldaketaren alde dagoen gogoa, eta horregatik erabaki duela zerrenda bateratuaren aldeko apustu egitea.
Hainbat egun iraun duen negoziazioaren ostean, akordioa erdietsi dute lau indar politikoek gaur. Bihar goizean emango dituzte lortutako akordioaren argibideak. Nolanahi ere, Perezek aurreratu du Espainiako "alderdi bitasunari" aurre egiteko neurri gisa hartu dutela erabakia, Senatua hurrengo agintaldian ezinbestekoa izango dela sinetsita. Aldi berean, garrantzitsutzat jo du ere beste alderdiek Ahal Dugu-ren kode etikoa onartu izana.