Nafarroako sor-markak historikotzat jo du aurtengo mahats bilketa

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko aza. 2a, 13:29

Argazkia: Mahats biltzea %10 handitu da Nafarroan. Andoni Canellada / Argazki Press

Bi hilabetean 84 milioi kilo mahats bildu ditu, iaz baino %10 gehiago. Uzta "oparoa" izan dela nabarmendu du. Araban ere inoiz mahats gehiago jaso dituzte txakolina egiteko.

Ohi baino lehenago ekin zion Nafarroako sor-markak mahatsak biltzeari, eta ohi baino fruitu emankorragoak lortuta amaitu du bilketa. Hasiera batean 77 milioi kilo mahats inguru batzea espero bazuten ere, aurreikuspenak gainditu, eta orotara, 84 milioi kilo mahats bildu dituzte, iaz epe berean baino %10 gehiago; mahats beltzak eta gorriak dira 75 milioi kilo; gainerako 9 milioi kiloak, berriz, ardo zuria egiteko baliatuko dituzte. Nafarroako sor-markak "historikotzat" jo du aurtengo uzta. Erriberabeitian jaso dituzte kilo gehien.

Duela bi hilabete hasi zuten bilketa, eta era mailakatuan egin dute, Nafarroaren ezaugarri bereizgarriengatik. Hilabeteotako eguraldia lagun, Nafarroako 11.000 hektareetako mahastien osasun egoera "oso ona" izan dela jakinarazi du sor-markak, eta azpimarratu du bilketa "ezin hobea" izan dela: kilo asko batzeaz gain, mahatsa "erabat helduta" dagoela ohartarazi dute.

Araban ere sekula baino mahats gehiago jaso dituzte txakolina egiteko. 2012ko langa gainditu eta 646.000 kilo bilduta, inoizko bilketa onena bukatu dute; "historikoa", Arabako txakolinaren sor-markako arduradunen hitzetan. Eta ez da gutxiagorako: iragan urtean baino %17 mahats gehiago bildu dituzte. Urteotan ematen ari den esportaziorako goranzko joerari eutsi ahalko diote horrela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!