Europako autogile handiena hasi da nozitzen autogintzan sekula egindako eskandalurik handienetakoaren ondorioak. Irabazien bidea galdu eta galeretara daramana hartu du urteko hirugarren hiruhilekoan. Uztailetik irailera 1.673 milioi euro galdu ditu, emaitza oso txarrak aurreko urteko epe berarekin alderatuz gero: 2.971 milioi euroren irabaziak. Volkswagenek onartu du hirugarren hiruhilekoaren kontuetan 6.700 milioi euroko zama izan duela diesel motorretan egindako iruzurraren auziak.
"Emaitzek islatzen dute Volkswagenek duen sendotasuna, alde batetik, eta egungo egoeraren ondorioak, bestetik. Galdu dugun konfiantza berreskuratzeko eginahalak egingo ditugu", esan du Matthias Muller Volkswagen taldeko presidenteak.
Urtarriletik irailera %54,1 uzkurtu dira irabaziak; 3.990 milioi euroren irabaziak ditu Wolfburgeko etxeak 2015eko lehen bederatzi hilabeteetan, eta aurreko urteko epe berean kopuru hori halako bi baino gehiago zuen. Fakturazioak %8,5 gora egin badu ere (160.263 milioi euro), mundu osoan egindako salmentak jaitsi egin dira iazko lehen bederatzi hilabeteekin alderatuta, 7.440 milioi auto saltzera arte. Errusian, Brasilen eta Txinan dauden arazo ekonomikoek pisu handia izan dute salmenten jaitsieran.
Toyota, aurretik berriro
Edonola ere, E189 diesel motorretan gas kutsakorren neurketak faltsutzeko jarritako milioika software sekretuen iruzurrak Volkswagen erraldoiaren gurpil bat zulatu duela esan daiteke emaitzei begira, eta ikusteko dago oraindik ere zenbat gurpil gehiago zulatuko zaizkion prestigioaren galeraren arantzak eraginda.
Hasteko, sektoreko munduko lehen ekoizle bihurtzeko zeraman martxa geratu da, eta Toyota japoniarra da berriro lehena, urte hasieratik irailera 7,5 milioi auto saldu ondoren. 7,4 milioitan geratu da Volkswagen, baina bien arteko tarte txikia baino garrantzitsuagoa da joera aldaketa. Horrek Wolfsburgek egindako iruzurrarekin dauka lotura.