Laparra: "Gizarte honetako arazoen muinera iritsi behar dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko urr. 22a, 10:30

Miguel Laparra eta Bakartxo Ruiz, atzo Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiaren gakoak aurkeztu ditu, eta herritarren beharrei "egiazko" erantzuna emateko tresnatzat jo du.

«Geldiunerik gabeko aldaketa dardaratsu batean bizi gara, eta, egoera horretan, ezinbestekoa da errealitatearen analisia erritmo berean egitea». Horixe adierazi zuen atzo Miguel Laparra Gizarte Eskubideen lehendakariordeak Nafarroako Parlamentuan, Errealitate Sozialaren Behatokiaren nondik norakoak azaltzeko egindako agerraldian. Haren esanetan, herritarrek aldaketa horien arrazoiak jakin nahi dituzte, sor daitezkeen arazoen aurrean estrategia eraginkorrak izateko. «Hori da, hain zuzen, Errealitate Sozialaren Behatokiaren zereginetako bat». Era berean, «ezagutzaren esparruko inbertsiotzat» jo du Behatokia.

Lehendakariordearen arabera, gizartearen beharrek gora egin dute azken urteotan, baina horiei aurre egiteko baliabide publikoak gutxitu egin dira. Kontraesan horretan bide «eraginkorrenak» topatzea funtsezkoa dela esan du. Beste helburuetako bat da gizarte zerbitzuak eta enplegu eta etxebizitza politikak Gizarte Eskubideen Departamentuan biltzea. Behatokiaren bidez, hirurak artikulatzeko mekanismoen bila ari dira, «politika oso baterantz» jotzeko asmoz.

Horrez gain, Laparrak baieztatu du UPNren gobernuaren kalitatea planifikatzeko eta ikuskatzeko zerbitzuak «hutsune handiak» zituela giza baliabideetan zein ekonomikoetan; hain zuzen, «behar gehien duten arloetan». Hortik abiatuta sortu dute Errealitate Sozialaren Behatokia: «Gizarte honetako arazoen muinera iritsi behar dugu, aurreko urteetan egin ez den moduan».

Aurrekontua igo nahian

Orain arteko zerbitzuak 1,1 milioiko aurrekontua zuen, eta egituraketa aldaketak 45.000 euro gehiago behar izan ditu. Laparrak onartu du kopuru hori milioi batera igotzea gustatuko litzaiekeela. «Ez diot Olentzerori gutun bat idatzi nahi, baina baliabideak egongo diren neurrian, behatokiaren zerbitzurako sei plaza sortu nahi ditugu, eta ikuskaritzarako beste bat».

Baliabide murritzak izan arren, jada zeregin batzuetan lanean hasi dira. Esate baterako, adierazle sistema bat eratu dute errealitate sozialaren bilakaera neurtzeko, «jendeak ulertzeko moduan», eta eztabaida publikorako erabilgarria izan dadin. Laparra kexu azaldu da orain arte ez delako halako adierazlerik izan.

Bestalde, krisiak gehien jotako eskualdeetan, Erriberan eta Sakanan, probarako proiektu bat jarriko dute abian. Tuterako zein Altsasuko gizarte zerbitzuek nahiz enplegu alorrekoek euren arteko elkarlan esparru eraginkorrenak bilatuko dituzte, lan munduan egoera hauskorrenean diren pertsonen egoerari aurre egiteko xedez. Laparraren hitzetan, bi zerbitzuek esku hartzerakoan «mekanismo berritzaileak» erabiliko dituzte.

Finean, justifikatu beharreko gastu bat izan beharrean, gizarte politika berriak lortzeko inbertsiotzat jo du behatokia. Ekonomikoki eta sozialki iraunkorra eta lorpenetan eraginkorra izango den eredu bat erdietsi nahi dute. «Batez ere, gizartearen beharrei zuzenean erantzungo diena».

UPNko Maribel Garciari ez zaio eraginkorra iruditzen behatokia, eta ez du beharrik ikusten halakorik sortzeko. Garciak baieztatu du arriskua dagoela pausoak atzerantz emateko, eta berriro ere baliabideen bikoizketa kritikatu du. Geroa Baiko Isabel Aranburuk eta EH Bilduko Asun Fernandezek, berriz, gizarte politika eredu berri bat lortzeko bidea dela uste dute, eta UPNk egindako kudeaketa arbuiatu dute.

Mikel Buil Ahal Dugu-ko bozeramaileak ere bat egin du Laparrak aurkeztutakoarekin, baina ez du nahi behatokiaren bidez «herritarren gehiegizko kontrola» ezartzerik. PSNko Nuria Medinak, bestalde, beharrezko ikusten du egoeraren benetako ebaluazioa egitea, neurriekin behar bezala asmatzeko. Ana Beltran PPNko bozeramaileak ere zentzuzkotzat jo du egituraren sorrera, baina gutxieneko baliabide ekonomikoak erabiltzeko eskatu dio gobernuari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!