Atalburuen karguak merituzko lehiaketa bidez hautatzea hitzartu du jarraipen batzordeak

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko urr. 15a, 19:27

Jose Luis Mendoza eta Uxue Barkos, gaur, bilerara bidean./ Idoia Zabaleta, Argazki Press

Gobernuak proposamena onartuz gero, berehala egingo da hizkuntz eskolen buruzagitzarako lehiaketa.

[Berrian irakurri]

Joxerra Senar.

Bilera luzea izan da, eta tentsioa egon da une batzuetan, parte hartzaileek onartu dutenez. Geroa Baiko Koldo Martinezen esanetan, Imanol Haranbururen kargua bertan behera utzita gobernuak berak aitortu zuen "akatsa" egin zuela izendapena egiterakoan. Hala ere, Martinezek zehaztu du ez dela "sorgin ehizarik izan".

11:30ean bildu da akordio programatikoaren jarraipen batzordea. Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak eta Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariak azalpenak eman dituzte lehenik. Bileratik aterata, Barkosek ez du adierazpenik egin nahi izan; Mendozak, aldiz, esan du "konfiantzagatik" egin zutela atzera. "Gure departamentuan gaude gu berriak ateratzeko eta ez berria izateko".

Ez da bat etorri ikuspuntu horrekin EH Bilduko Adolfo Araiz. "Kritika oso zorrotza egin diogu gobernuaren erabakiari, eskubideen urraketa eman dela". Haren ustez, konfiantza galeraren inguruko azalpena ez da onargarria.

Dena den, Geroa Baik, EH Bilduk, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k hitzartu dute hemendik aurrera gobernuaren organigrama zuzendaritzen azpitik diren atalburuak lehiaketa bidez egingo direla, eta horien artean lehena, gainera, hizkuntza eskolen buruzagitzarena izango da. Alderdietako eledunek azaldu dutenez, legeak hala behartzen du berez, baina UPNren garaietan irizpide ez-objektiboetan oinarrituta izendatu ditu gobernuak, lehiaketarik egin gabe.

Hitzarmen hori onartuz gero, egoera konponduko litzateke. Dena den, Araizek ohartarazi du gobernua erabakiarekin bat ez badator Mendozarekiko konfiantza galera izango duela EH Bilduk. Dena den, egoera behin betiko konpontzea espero du, eta pozik agertu da aterabidearekin. "UPN saiatu da lau alderdion arteko konfiantza pitzatzen, baina ez du lortu".

Ahal Duguko Laura Perezek salatu du iraganeko UPNren gehiegikerien ondorio izan dela afera. "Ulertzen dugu hemendik aurrera atalburuen izendapenak lehiaketa bidez eginda konponbide ona da". Goi karguen kasuan ere lehiaketa egitea proposatu du Ahal Duguk.

Ezkerrak prozedura horiek irizpide objektiboen arabera hartzea defenditu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!