Auzo bat bete taberna

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko urr. 13a, 11:22

Argazkia: Iruñeko tabernak. Iñigo Uriz / Argazki Press

Hiriguneko hainbat kale tabernaz josi dira azken zazpi urteetan, eta apurtu egin da bizilagunen eta ostalaritza negozioen arteko oreka. Oraingoz, udalak ez du lizentzia gehiago banatuko.

Ostalariak, bizilagunak eta udala ados daude: Iruñeko Alde Zaharrean taberna kopurua arazo bihurtu da. Geroz eta gehiago dira, eta geroz eta jende pilaketa handiagoak sortzen dira hainbat kaletan. Horregatik, udalak eten egin du ostalaritza establezimenduak irekitzeko lizentzia banaketa. Urte batez iraunen du etenaldiak, eta, tarte horretan, auzoaren ereduaz eta arazoa konpontzeko irtenbideez hausnarketa eginen dute.

Alde Zaharrean dago hiri osoko ostalaritza metaketarik handiena. Ez hori bakarrik, azken urteetan izugarri handitu da taberna kopurua han. 2006an, legean egindako moldaketa baten ondorioz, berriz ere lizentziak banatzen hasi ziren Alde Zaharrean. Ordutik eta 2014ra bitartean, 74 lizentzia eman zituzten. Iruñea osoan 257 lizentzia eman zituen udalak, 16 auzotan. Hau da, lizentzien %30 Alde Zaharrean banatu ziren. Baimen gehien lortu zituen bigarren auzoa Zabalgunea izan zen. 39 taberna ireki ziren han.

Udalaren txosten teknikoaren arabera, lokal berrien irekiera eta tabakoaren aurkako legea izan dira Alde Zaharreko kaleak jendez lepo egotearen arrazoiak. Gainera, bizilagunei egiten zaien kaltea handitu dela diote: zarata, usainak, zikinkeria, etxeetara sartzeko zailtasunak... «Gizarte alarma deitu genezake oraingo egoera», azaldu du udalak.

Lizentziak, barra-barra

2006. urtera arte itxita egon zen Alde Zaharrean tabernak irekitzeko aukera. Auzoa eremu gainezkatu zela iritzita, lizentziak banatzeari utzi zioten. Urte hartan, UPNk PEPRI Alde Zaharreko Babeserako eta Barne Erreformarako Plan Berezia aldatu zuen, eta gastronomia elkarteak, jatetxeak eta kafetegiak irekitzeko aukera eskaini. Hala dio PEPRIren aldaketak: «Hainbat erabaki berri hartzea da helburua, orain debekaturik dauden ostalaritza jarduerak sortzea ahalbidetuz, Alde Zaharreko komertzio, turismo eta aisialdia suspertzeko faktore positiboak izan daitezkeelako, bizilagunei beharrezko bizi-kalitatea bermatuz».

Tabernak ez, baina kafetegiak bai. Kafetegi lizentziak eman dira, baina taberna moduan erabili dira. Gainera, Alde Zaharra eremu gainezkatu izateari utzi zion PEPRIren aldaketarekin. Hori bai, baimen horiek «bizileku erabilerarekin bateragarri» behar zuten, «bizilagunen eragozpenak minimizatuz».

Baina ez da hala izan. «Alde Zaharra parke tematiko bihurtu dute, baina nahiko kutrea. Iruñea sanferminizatu da, hori da hiri gisa eskaintzen den irudia». Aitor Etxarterenak dira hitzok. Hura da Alde Zaharrean Bizi elkarteko bozeramailea, eta oraingo eredua errotik aldatzeko beharra nabarmendu du.

Hainbeste taberna irekitzeak sortu dituen arazoen zerrenda egin du: patioetan «legezkoak ez diren» itxierak egin dituzte; zaratak eta dardarak handitu dira etxebizitzetan; sukaldeak pilatu dira, eta kea ailegatzen zaie egunez zein gauez; etxebizitzen balioa «amildu» egin da azken bost urteetan auzoa ez delako erakargarria; bizileku turistikoak ugaldu dira; zabor gehiago pilatzen da; pertsona zaharren mugikortasuna zaildu egin da; bizilagunen osasunari eta deskantsuari kalte egin zaio... «Jende askok uste du Alde Zaharrean nahi duena egiteko aukera dagoela», kexu da.

Ez hori bakarrik. Etxartek dio ekitaldi guziak Iruñeko erdigunean egiten direla. «Lehen jaiak ziren zazpi egun, eta animazioa larunbat gauez. Kontua da orain ostegunetik hasita igandera bitarte dela, astero, hutsik egin gabe». Horrek, auzoko arazoa handitzea ez ezik, gainerako auzoak hustea ere badakarrela uste du Etxartek.

Alde Zaharrean Bizi elkarteko bozeramaileak esan duenez, egoerak ez du parekorik inguruan. «Euskal Herrian, gurea da Alde Zaharrik handiena». Alde Zaharreko taberna kopurua jakitea, ordea, zaila da, Iruñeko Udalak dioenez, baimen guziak ez daudelako digitalizaturik. Carlos Albillo Alde Zaharreko ostalaritza elkarteko kudeatzailea ausartu da datu bat ematera: «Duela zazpi urte 190 taberna inguru ziren, eta orain, gutxi gorabehera, 240».

Haren aburuz, normala da ostalaritza nagusi den auzoan ostalaritza negozio berriak ireki nahi izatea. Zabalgunean dendak dira nagusi, eta horrek beste denda batzuk erakartzen ditu. «Alde Zaharra beti izan da ostalaritza gune». Hark ere aztertu du arazoa: «Batetik, kale batzuetan saturazioa dago, eta, bestetik, egia da azken urteetan sortutako 74 ostalaritza negozioak komertzioaren lepotik ireki direla. Beraz, ostalaritza eta komertzioaren arteko oreka apurtu da, eta hori beharrezkoa da edozein alde zaharretan».

Gainera, Albillok uste du ez dela zilegi errua soilik ostalarien elkarteei leporatzea. «Nabarrerian jende askok bere garagardoak hartzen ditu kalean. Mugak jartzen badira bizilagunak ez molestatzeko, mugak jarri beharko zaie ere edariak saltzen dituzten lokalei». Etxartek uste du ez direla hainbeste edariak saltzen dituzten komertzioak, eta ostalariek haiei leporatzen dizkienak aitzakiak direlakoan dago.

Kapitalismoaren ondorioak

Hori da ostalari eta bizilagunek egiten duten analisia. Baina Etxartek beste afera bat atera du argitara. Oraingo arazoen iturburua auzoaren eredua da. Albillo ados dago eredua aldatzeko beharrarekin: «Eredu egokiak erabileran orekatua izan behar du, eta bertan bizi direnekin bateragarria». Baina, zein da oraingo eredua? Etxartek dioenez, kalea pribatizatzen ari da. «Ostalaritza erasokorra den sektore batek pribatizazio asmo erabatekoa du, kalea ez da publikoa, baizik eta beraiena».

Esan duenez, neoliberalismoan ohikoa da prozesu hori. Etxebizitzen burbuilaren ondorengo zikloa da, eta ez da soilik Iruñean gertatzen; Madrilen eta Bartzelonan ere, adibidez. «Non daude kapital handiak? Etxebizitzena agortuta, negozio aukera berrien bila ari dira etekin handiak ateratzeko, eta horietako bat ostalaritza da». Iruñeko eredua familia negozioetan oinarriturik zegoen. Etxartek dio dagoeneko hori ez dela horrela Alde Zaharrean. «Dirutza ikaragarriak sartu dira, eta hori beste batzuei eskaini zaie errenta izugarrietan. Horren atzean Nafarroako abizen handi eta oso ezagunak daude».

Eredu hori aldatzeko beharra agertu dute Iruñeko Udaleko alderdi politiko guziek, UPNk izan ezik. Izan ere, bere gobernuek bultzatu zuten eredu hori. Lizentzia banaketak etetearen aurka ere egin du alderdi eskuindarrak. Gara-k argitaratutako artikulu batek dioenez, gelditutako sei lizentzietako bi UPNko zinegotzientzat ziren. Haietako bat Juanjo Etxeberria Hirigintzako zinegotzi ohiaren enpresa bati ematekoak ziren. Enpresa ez da ostalaritzaren sektorekoa, eta asmoa taberna alokatzea zen, Gara-ren arabera.

Hori da, Etxartek salatzen duen praktika, hain zuzen ere. «Ez dira ostalaritzako promotore klasikoak. Abokatuak, epaileak eta abar daude negozio dimentsio berri hau definitzen». Albillok ez du horretan sartu nahi izan. Esan duen bakarra da komertzio gehienak bertakoak direla. Gainera, hark uste du frankiziak irekitzea onuragarria litzatekeela.

Ereduari loturik dago kaleen okupazioa ere. Tabernek upelak atera dituzte kalera, jendeak kanpoan kontsumi dezan. Horrekin batera, terrazak ugaritu egin dira. Adibidez, berriki okupatu dituzte San Nikolas, Udaletxe plaza eta Burgoen plaza, terraza zabalekin. «Paisaia bisuala guztiz aldatu dute, modu autoritarioan», azaldu du Etxartek.

Joxe Abaurrea Iruñeko Udaleko Hirigintza zinegotziak ere onartu du badela arazo bat terraza eta esparru publikoaren okupazioarekin. «Ezberdina da Gazteluko plaza, zabala dela, edo San Nikolas plaza. Oinarri orokor batzuk egin nahi ditugu, eta eremuka planteatu terrazena eta upelena». Adibidez, upelen ordez mahai tolesgarriak jartzea akats handia izan dela dio, etxebizitzen paretetan eragin negatiboa duelako.

Konponbidearen bila

Abaurreak arrazoitu egin du lizentzia banaketa behin-behinean eteteko erabakia: «Gogoeta patxadaz egiteko testuinguru baketsua izan dezagun». Oreka bilatzea da gakoa, eta hori lan zaila dela onartu du. Haren aburuz, Alde Zaharra auzo berezia da, hor baitago hiriaren sorburua. «Eredu politena da zentralitate horri eustea, baina auzo bat izan behar du, gainerakoak bezala, eta bizitzeko aukera eta lasaitasuna bermatu».

Alde Zaharra «ordenatzea» dute buruan udal gobernuan. Albillok uste du kale batzuk bakarrik izendatu beharko liratekeela eremu gainezkatu, eta hutsago dauden kaleetan tabernak irekitzeko aukera eman, nahiz eta mugekin izan. «Gu ez gara 1986-1987ko urteetako egoerara bueltatzearen aldekoak».

Alde Zaharrean Bizi elkarteak kontrako jarrera du: «Atzera egitea planteatzen dugu. Lizentziak etetea ezinbestekoa da, baina horrekin ez da konponduko. Araudi oso zabala dago, eta hori betetzen eta betearazten hasi behar da. Hori da udalak orain arte egin ez duena». Orain arteko lizentziak kentzea, baina, ez da posible. «Lizentzia duen entitate batek eskubideak ditu, ezin da atzera bota», esan du Abaurreak.

Mahaiaren hanka guziak bildu dira dagoeneko, sintonia onean eragile guziek onartu dutenez. Helburua, Albillok aipatu du: «Jokaleku berri bat behar dugu, komunikazio bide berriak sektoreko elkarteen eta udalaren artean. Esparru hori idazteke dago». Etxartek ere sortu berri den mahaiaren balorazio ona egin du. Bilera gehiago izanen dira aurrerantzean, eta urtebete izanen dute Alde Zaharreko eredua birpentsatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!