Nafarroako Hezkuntza Departamentuak "ETAko kide ohi bat" kargu horretan jarri izana salatu du UPNk, eta gobernuari "terrorismoaren biktimekiko inolako sentsibilitaterik ez izatea" egotzi dio. UPNk azaldu du Haranburu 1988an atxilotu zutela ETAko kide izatea egotzita, eta 21 urteko espetxe zigorra ezarri ziotela. Alderdi horrek berak nabarmendu du 2003an Haranburu Autodeterminaziorako Bilgunea zerrendako 17. postuan aurkeztu zela Nafarroako Parlamentuko hauteskundeetara.
"Ibilbide horrek beste behin erakusten du, ez soilik gobernuaren izaera politikoa, euskal nazionalismoak Nafarroako hezkuntza kontrolatzeko duen obsesio kezkagarria baizik", erantsi du.
Horren berri izan ostean sinatu du Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariak haren izendapenean atzera egiteko foru agindua: "Erabaki horrek ez ditu zalantzan jartzen herritar orok gizartearekin dituen zorrak bete ostean dituen eskubide zibilak. Aitzitik, aipatutako egoerak galarazi egiten du kargu horretarako konfiantza ematea".
Euskal Filologian lizentziaduna da Haranburu. Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean euskara departamentuburu izan zen 2011ko irailetik 2012ko irailera, eta 2012az geroztik Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskara departamentuburua zen.