ELAk salatu du UGTko eta CCOOko zenbait liberatuk Nafarroako Gobernutik jasotzen zutela soldata

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko urr. 5a, 20:02

Nafarrako Ekonomia eta Lana Indartzeko Planaren sinadura ekitaldian, ezker-eskuin, Javier Lekunberri UGTko idazkari nagusia, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakaria; Jose Antonio Sarria Nafarroako Enpresarien Elkarteko b

"Sindikatu batenak diren berezko lanak egiteagatik" Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bitartez ordaintzen zietela salatu dute Iñaki Zabaletak eta Mitxel Lakuntzak. UGTk eta CCOOk aitortu egin dituzte ordainketak, baina ez leporatzen zaiena.

[Berrian irakurri]

ELAren arabera Nafarroako Enplegu Zerbitzuko hitzarmenak baliatzen zituzten ordainketak egiteko. Berez, formakuntza eta berdintasuna bultzatzea du helburu erakunde horrek, baina ELAk salatu du 2014an sinatu zituzten lau hitzarmenetan (945.000 euro guztira) UGT eta CCOOen liberatu batzuen soldatak ordaintzeko diru partidak daudela, batzuen kasuan soldata osoa ordaintzerako. "Sindikatu horien egiturazko karguak agertzen dira, eta federazio batzuetako idazkari nagusiak eta horien zuzendaritzakoak ere badaude", azaldu du Iñaki Zabaleta ELAko kideak.

Salaketa horren ostean ohar bana atera dute UGTk eta CCOOk kobrantzak aitortu dituzte baina ukatu dute Nafarroako Gobernuaren soldatak direnik. Argudiatu dute hitzarmenak Nafarroako Gobernuak aztertzen dituela, eta diru hori jaso zutenek Enplegu Zerbitzuak eskatutako lana burutzen zutela. Esan dute, gainera, euren irudia zikindu nahi duela ELAk Nafarroako sindikatuen mapa aldatzeko.

Zabaletak esan du hitzarmen horiek ez dutela zentzurik, sindikatu baten berezko lanak egiteagatik ordaintzen dietelako. Adibidez, langileei enplegu kalitatearen gaineko aholkularitza emateagatik edo hitzarmen kolektiboetan berdintasun klausulak bultzatzeagatik ordaintzen zietela azaldu du. "Beste batzuek gure baliabideekin eta gure afiliatuen diruarekin egiten duguna eurek nafar guztien diruarekin egiten dute", aurpegiratu die UGTri eta CCOOri Mitxel Lakuntza Nafarroako ELAko koordinatzaileak.

Lakuntzak esan du eskandalagarria dela eta iruzur bat dela Nafarroako Gobernuak UGTri eta CCOOri zuzenean ordaintzea. Gaineratu du ordainketa horien helburua sindikatu horiek isilaraztea dela, "sindikalgintza otzanagoa egin dezaten", eta bide batez ELAren eta LABen sindikalgintza aldarrikatzaileagoari aurre egin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!