Txiki eta Otaegi oroitzeko Iruñeko ekitaldia debekatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko ira. 23a, 09:25

Txiki eta Otaegiren omenaldira deitzeko agerraldia. Luis Jauregialtzo / Argazki Press

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak hartu du erabakia; Ahaztuak 1936-1977 elkarteak deitu zuen Iruñerako ekitaldira, igandean. Frankismoko azken fusilatuak oroitzeak "terrorismoa goratzea" ekar dezakeela uste du Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak.

ETAko Jon Paredes Manot Txiki, Angel Otaegi eta FRAPeko Xose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz fusilatu zituztela 40 urte beteko dira igandean, irailaren 27an. Hainbat ekitaldi daude antolatuta egun horretarako; tartean, Ahaztuak elkarteak Iruñeko udaletxe aurrean deitutakoa, 12:30ean. Elkarteak jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak debekatu egin du deialdi hori, "terroristen jokabidearen aldeko adierazpen bat" izan daitekeelakoan, "terrorismoaren gorazarrea" gertatu daitekeela iritzita.

Espainiako Auzitegi Nazionalaren auto batean oinarritu dira hori esateko. 2009an, Eloy Velasco epaileak debekatu egin zituen Txiki eta Otaegi gogoratzeko ekitaldiak. Hala ere, Ahaztuak elkarteak gogora ekarri duenez, 2010ean Auzitegi Nazionalak berak baimendu zituen ekitaldi horiek. "Erregimen frankistarekiko eta haren krimenekiko inpunitate eredu bat indartzen da horrela, haren biktimen memoriarako eskubidea ukatuta", salatu du elkarteak.

2012an, Txiki eta Otaegi indarkeriaren biktima gisa onartu zituen Eusko Jaurlartzak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!