Ana Ollo: "Politika sektarioekin urteak generamatzan; gizartearen zati bat baztertu zuten"

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko ira. 14a, 08:42

Ana Ollo. Argazkia: Iñigo Uriz/Argazkipress.

Gobernuko eledun eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harreman kontseilari izatea proposatu zion, eta, itolarria sentitu arren, baiezkoa eman zuen. "Hobe damutzea egiten duzunagatik, egiten ez duzunagatik baino. Erronkak atsegin ditut", arrazoitu du.

[Elkarrizketa Berrian]

Ana Ollok (Iruñea, 1965) ia mende laurden eman zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko komunikazio zerbitzuan lanean, eta uztailean Uxue Barkosen telefono deia jaso zuenean, hasieran pentsatu zuen NUPeko kideren baten kontaktua behar zuela. Gobernuko eledun eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harreman kontseilari izatea proposatu zion, eta, itolarria sentitu arren, baiezkoa eman zuen. «Hobe damutzea egiten duzunagatik, egiten ez duzunagatik baino. Erronkak atsegin ditut», arrazoitu du.

Gobernuan denbora gutxi daramazu. Zerk eman dizu arreta?

Unibertsitatearekin alderatuta, administrazio hau oso handia da, erraldoia. Bitxiena egin zait gauza asko ukiezinak direla, hainbeste urte generamatzan-eta ezer aldatu gabe eta alderdi politiko berarekin. Egitura finko bat zegoen, mugitu gabe. Orain etorri gara, eta, aulki hori mugitzea posible dela esanda, ezezkoa da erantzuna, hor egoten delako beti. Beti hitza mantentzen da lan egiteko molde batzuetan. Kanpotik nator, eta esaten duzu: «Zergatik ezin da?».

Gobernuaren egitura osatu berri da, eta egitura horrek eta atalen izenek adierazten dute aldatzeko grina. Adibidez, zure departamentua.

Halere, aldatzea kostatzen ari zaigu. Batez ere, nire departamentua berria da, eta hartu behar ditut besteetatik egitura batzuk, eta ezerezetik hasi behar dut. Politika transbertsalak biltzen ditu. Adibidez, lehen euskara Hezkuntzan zegoenez, hezkuntza politika sartzen zen hor. Euskara, gaztelania bezala, Nafarroako hizkuntza propioa da, eta gobernuak nahi du gizartean zabaltzea. Horrek esan nahi du Hezkuntzan hizkuntza politika garatu behar dugula, baina baita Osasunean, Gizarte Politiketan eta administrazioan ere. Gauza bera elkarbizitza eta genero berdintasunarekin.

Horrek koordinazioa eskatzen dizu, bai gobernu barruan, bai kanpoan, akordioa izenpetu duten lau alderdiekin batez ere?

Bai, noski.Akordio programatikoan eta lau alderdien sinaduran sostengatzen da gobernua. Lan egin behar dugu lau alderdiekin. Nik eransten dut beste hiru alderdiekin ere baietz, parlamentu osoarekin lan egin behar dugula.

Barkosek zioen ezin zuela gobernuak indarra xahutu barne liskarretan, eta zuk diozu alderdien kritikak normal hartu behar direla. Non dago normaltasunaren muga?

Akordio programatikoak 72 orrialde ditu, eta neurri asko datoz. Lau alderdiek itzeleko ahalegina egin zuten akordioa lortzeko. Elkartzen dituzten gauzak gehiago dira bereizten dituztenak baino. Alderdikoia ez den gobernu bat onartzeko eskuzabaltasuna egon da. Bestalde, sistema demokratikoaren botere banaketa historikoa hor dago, eta zergatik ezin dute lau alderdiek parlamentuan eztabaidatu? Guk botere betearazle gisa lan egin behar dugu, baina gero parlamentuak kontrolatu behar gaitu. Hori da joko demokratikoa eta normaltasuna. Bestela, ez dugu demokrazian sinesten, ez badugu onartzen banaketa hori.

Bi aldaketa mota iragarri dituzu: bata, gobernu ekintza bidez, eta bestea, formetan. Formetan zertan igarriko da?

Sektarismoa baztertu behar dugu. Hainbeste urte generamatzan politika sektarioekin, gizartearen zati bat baztertu baitute. Hori aldatu behar dugu. Nire arloan, esparru horietan lan egiten duten entitate guztiekin elkartu nahi dut. Parte hartzea handitu nahi dugu.

Horrek esan nahi du mundu guztia kontent utzi behar dela?

Ez, parte hartze prozesuan jendeak bere ekarpenak egitea; baina kudeaketa gobernuari dagokio. Parte hartzea metodologikoki landu nahi dugu, eta departamentu guztietan txertatu. Egia da parte hartze prozesuetan kontsentsu handiagoa lortu nahi izaten dela politika egiteko, baina gero gobernuak kudeatu behar du, eta politika egin.

Zer eskatzen dizu eledun izateak?

Beti egon naiz unibertsitatean erakundeen komunikazioan, baina beti atzetik. Ez nintzen igaro beste aldera, aurpegia ematera. Eledun gisa, aurpegia jarri behar dut egunero. Bertigoa ematen dit, ez beldurra, baina errespetua diot. Gobernuaren ahotsa naiz. Uxue lehendakariak politikan urte pila bat daramatza, eta esperientzia handia du. Hura bai dela gobernuaren aurpegia, eta nik gobernuaren ahotsa izan behar dut.

Zer eragin du hizkuntza politika Hezkuntza Departamentutik ateratzeak?

Hezkuntzatik bakarrik ez. Itzulpengintza ere presidentetzatik atera da, eta Euskarabidean bildu dugu dena, pertsonak eta baliabideak. Baina baliabide gutxi dago.

Zer finantza egoerarekin topo egin duzue?

Panorama beltzarekin topo egin dut. Ia gastu gehiena konprometituta dago. Diru gutxi dago nahi ditugun gauza batzuk aurrera ateratzeko. Ematen du kontuak hobetuko direla, baina defizita ere handiagoa izango da.

Aurten euskarazko komunikabideentzat, euskaltegientzat eta udal teknikarientzat aparteko deialdiak egiteko asmoa azaldu duzue. Badago dirurik, eta noiz egingo da?

Berandu gabiltza, baina saiatzen ari gara larrialdiko deialdi bat egiten aurten. Bestela, lan egiten ari gara, halaber, hurrengo aurrekontuetan sartzeko hiru deialdiak benetako diruarekin.

Euskararen legearen moldaketa izan da akordio programatikoaren desadostasun nagusietako bat. Diferentzia horiek gainditzea duzu erronketako bat, ala aurretik badira beste gauza batzuk egiteko?

Gauza asko daude egiteko, baina, gobernua osatu ondoren, lau alderdiekin hitz egin behar dugu ea desadostasuna non dagoen. Printzipioz, lan asko egin dezakegu, euskararen panorama beltz-beltza baita administrazioan.

Nafarroako Euskararen Kontseilua sendotu nahi duzue kideak ugarituz eta plan estrategikoa bultzatuz. Zertan datza?

Akordio programatikoan datoz bi ekintzak. Egin genuen lehen bilera eta hor jada esan genuen hurrengorako saiatuko garela osaera aldatzen, erakunde eta gizarte eragile gehiagorekin parte hartzeko. Batzordea osatuta, plan estrategikoa lantzen hasi behar dugu. Euskarabidean eratu dugu zerbitzu bat euskararen planifikazioa egiteko eta bultzatzeko.

UPNk, orain, euskara erabiltze hutsa inposizio gisa ikusarazi nahi du. Euskara eta komunikazioa zure ardurapean direnez, zer egin daiteke?

Nik esaten dut bizikidetzako departamentua dudala. Nafarroan bi hizkuntza propio ditugu, eta saiatu behar dugu politikaren bidez jende guztia, euskaldun eta erdaldun, elkarrekin bizi dadin arazorik gabe, bakoitza bere eskubideekin.

Diskurtso horiei nola eman dakieke buelta?

Gizartean ez dut ikusten liskarrik. Beti dago jendea, baina gizartean ez dut ikusi mugarik. Espero dut UPNri diskurtso hori agortzea, uste baitut soilik politikariek erabiltzen dituztela horrelakoak.

Bakegintzari begira, zeintzuk dira lehentasunak?

Gizarteak bake eta bizikidetza nahi du. Hor ere politikariek min handia egin dute biktimen arloan. Alde batetik, biktima guztiak aitortu behar dira, eta hor hiru lerrotan lan egin behar dugu. Egiazko aitortza, justizia eta erreparazioa. Biktima guztientzat izan behar du. Diskurtso hori aldatu nahi dugu, alderdi batzuek biktima jakin batzuk bakarrik onartzen baitituzte. Biktima pertsona errugabea da, min egin zitzaion, eta aitortu behar ditugu guztiak. Haiekin lan egin behar dugu hiru arloetan.

Bake, Elkarbizitza eta GIza Eskubideen zuzendaria oraindik izendatu gabe dago. Ze profil izan behar du kargu horrek?

Diskurtso etikoa argi izan behar du, eta bake eta bizikidetza arlokoa izan behar du. Lau alderdien proposamena da, eta lauren artean hitzartu behar da. Hori indargune bat dela deritzot.

Polemikak ere bilatzen dira. Udan, adibidez, ETAk hildako Casanova militarraren omenaldian gobernuko ordezkaritzarik ez izatea kritikatu zen. Hanka sartzea izan zen hura?

Nik uste dut ezetz. Azkenean, ekitaldi pribatua zen. Senitarteko eta lagunen omenaldia zen. Ez geunden gonbidatuta, eta, galdetu genuenean, ekitaldi pribatua zela esan ziguten. Politikariok ezin dugu sartu pertsonen bizitzan. Itxurakeria izango zen bestela. Saiatu behar dugu biktimekin egoten, baina haiek nahi badute.

Aurreko gobernuak ezer gutxi egin zuen... Uste duzue asko dagoela egiteko?

Bai. Lan egin behar dugu ia hutsetik. Biktimak ez dira parekatu behar, ez dira alderatu behar. Biktima bakoitzak bere sufrimendua du, eta lan egin behar dugu horrela, baina horrekin batera landu behar dugu elkarbizitza, ez dadin berriro gertatu horrelakorik.

Euskalerria irratiari 27 urtez ukatu zaio baimena izatea. UPN bere erantzukizun politikoa onartu gabe joan da?

Haientzat ez zen hanka sartze bat, urte pila bat egin baitute oker hori zuzendu gabe. Burugogorkeria hutsa izan da. Halako prozesu politiko bat ezin da onartu.

Akordio programatikoan Sinboloen Legea indargabetzeko konpromisoa dago. Elkarbizitzari begira jorratu beharreko gaietako bat da?

Landu behar dugu departamentu desberdinetan. Saiatu behar dugu jende guztia bere nortasunarekin eroso senti dadin. Sinboloak jendearen nortasunaren zeinu dira, eta inportantea da aurrerapausoak ematea, eta ez egitea lege sektario bat, jende bat baztertua egoteko.

Aurreko legealdian genero indarkeriaren inguruko lege bat onartu zen. Arazo horren aurka, zer egiteko asmoa du gobernuak?

Ikusi dugu uda honetan emakume bat baino gehiago hil dela. Badugu lege bat apirilean onartutakoa aho batez. Lege horrek sendotasun handia du, 50 boto lortu baitziren. Orain, lege hori garatu behar dugu, eta, gero, ikusi behar dugu akordio programatikoarekin batera zer egin dezakegun legearen barruan. Ez da bakarrik legea; formakuntzan ere egin behar da lan. Sentsibilizazioa ere egin behar dugu gizartean. Badago pausoak eta ekintzak egiteko tartea. Uniber- tsitatetik nator, eta ikusi dut jende gaztea. Batzuetan onartzen dituzte guk onartuko ez genituzkeen gauzak. Kezkagarria da. Gazteen artean galdua da alerta hori.

Kazetaria: Joxerra Senar

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!