Geroa Bairentzat "lehentasunezkoa" da Nafarroan enplegua "sortzea eta egonkortzea". Koalizioa "jakitun" da helburu hori lortzeko enpresen zeregina "ezinbestekoa" dela, eta CEN enpresaburuen elkartearekin atzo arratsaldean egindako bileran "elkarlanerako" gonbita egin zien enpresariei. Geroa Bairen aldetik, Uxue Barkos Nafarroako Gobernurako presidentegaia eta Manu Aierdi elkartu ziren patronalarekin. "Arduraz eta konpromisoz" jardutera deitu zituen enpresaburuak.
Geroa Baik bere aldetik "konpromisoa" hartu zuen enpresen beharrengandik "gertu" egoteko. Batez enpresa txiki eta ertainengandik.
Eragile sozial eta ekonomikoekin abiatutako bileren testuinguruan UGTrekin ere bildu zen atzo koalizioa. "Kalitatezko enplegu egonkorra" sortzeko eta sendotzeko konpromisoa azaldu zien Barkosek, koalizioaren lehentasunetako bat hori dela argudiatuta. Txirotasuna eta gizarte bazterketa urritzeko borondatea helarazi zion sindikatuari, gai horretan "erabateko sintonia" izan dutelarik.