Joseba Asironek bilera errondaren oso balorazio positiboa egin du. Aurreko astean Aranzadi eta Ezkerraren ordezkariekin bildu zen Asiron, eta gaur Itziar Gomez Geroa Bairen alkategaiarekin izan da. Horien ostean, alkate izateko nahikoa babes duela esan du. Gomezek berretsi du Asironen alde bozkatuko duela ekainaren 13an.
Asironek azaldu duenez, erabat ados daude hurrengo agintaldiko ezaugarriak zeintzuk izan behar duten: "Orain artekotik erabat desberdina izan behar du, alkatetza integratzailea izan behar du, barrura begira lan egingo duena, gizartearen sektore guztientzat eta gardentasunez".
Hurrengo bilerak, gobernua osatzeko
Asironen asmoa orain agintaldirako oinarrizko programa bat osatzea da, eta hori zehazteko beste bilera batzuk egingo ditu Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerrarekin. Udal gobernu batean sartzeko gonbita egin die. Hiru horiek gobernuan parte hartzea oinarrizko programa horren arabera edo militanteen artean galdeketa baten bidez erabakiko dute.
Gomezek zehaztu du bere babesak gutxieneko baldintza batzuk izango dituela: memoriaren, bakearen eta elkarbizitzaren alde lan egitea, biktimak aitortzearen aldeko neurriak bultzatzea, "bereziki Iruñeko biktimak", eta "terrorismoa gaitzesteko edo giza eskubideen beste edozein urraketa gaitzesteko aurkezten diren ekimen guztiei babes erabatekoa ematea".
Konpromisoak hartzeko eskaera
Gomezek eskatu dio alkatetza integratzailea izatea Asironena, iruindar guztientzat lan egingo duena eta aniztasuna aintzat hartuko duena, inor baztertu gabe eta sektarismorik gabe. Gainera, tentsiorik ez behartzea eta "inposiziorik gabe" gobernatzea eskatu dio, "interes orokorra bilatuz".
Zintzotasuna bermatzeko eta udal konpetentzietatik haratagoko eztabaidak saihesteko ere eskatu du. Konpromiso horiek aldaketa gauzatzeko behar den konfiantza ahalbidetzen dutela aurreratu du. Gero esan du konrpromiso horietakoren bat hautsiz gero alkateak dimititu egin beharko lukeela.
Joseba Asironek esan du Gomezek aurkeztutako konpromiso zerrenda hori onartzeko arazorik ez duela, "gardentasunaren eta elkarbizitzaren alde lan egitea esan nahi duenez gero". Esan du agintaldiko programa osatzeko abiapuntu gisara dokumentu ona iruditzen zaiola.