Zizur Nagusian (Nafarroa) manifestazioa egingo dute datorren ostiralean, 19:00etan, 2010eko sanferminetako txupinazoko istiluen harira zigortu dituztenek deituta. Gaur agerraldi batean salatu dutenez, "lardaskeria bat" da Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaia, eta Iruñeko Udalaren eta Udaltzaingoaren aurka hitz egin dute, "herritarren oinarrizko eskubideak urratzen baitituzte". Salatu dute "ikurrina ateratzen saiatzeagatik" zigortu dituztela: "Tristea da gaur egun oraindik ikurrinaren defentsan aritzeagatik kartzela zigorrak jartzea".
Guztira, 10 urte eta 10 hilabeteko zigorra jasoko dute gazteek. Duela bost urteko San Fermin bezperan gazte batzuek Udaletxe plazara ikurrin erraldoi bat sartu zutenean gertatu ziren liskarrak. Iruñeko udaltzainak indarkeria handiz sartu ziren plazara, eta ikurrina zeramatenei oldartu zitzaizkien, borrekin. Jose Carlos Arranz gazte espainiarrari xanpain botila bat burura erori zitzaion. Arranz 47 egunez egon zen ospitalean, larri, eta 426 egun eman zituen osatzen —31 urte zituen orduan—.
Nafarroako Auzitegi Nagusiak hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ipini zion Koldo Sanchezi. Auzitegiak dio Sanchezek lesio horiek eragiteaz gain atentatu delitua eta ordena publikoaren aurkako falta bat ere egin zituela.
Beste sei gazteri ere ezarri zieten espetxe zigorra, istiluetan parte hatu zutela leporatuta: Sergio Cañamero eta Asier Huarteri, urtebete eta launa hilabetekoa; Bordat Arrizibita, Aitor Idiazabal, Jesus Barkos eta Unai Ruiz de Escuderori, urtebete eta bina hilabetekoa.
Aitor Solari, Nahia Ojetari, Ibai Morenori, Joseba Alfonso Erizeri eta Imanol Salinasi ere ipini zien Nafarroako auzitegiak zigorra: sei egunez une oro lokalizatuta egon beharra daukate, eta hamabosna eguneko isuna jaso dute —eguneko, hogei eurokoa—.