Nafarroako Gobernuak beste salaketa bat aurkeztu du EAEko Auzitegi Nagusian, Euskal Herria-Basque Country markako bide seinaleen harira. Oraingo honetan, Gipuzkoako hainbat herrirtako sarreretan jarritako seinaleetan Nafarroako armarria agertzen delako. Nafarroako Gobernuaren webgunean eman du salaketaren berri. Adibide gisa, bi argazki gehitu dizkio albisteari: Hernaniko eta Usurbilgo seinaleenak.
Udalbiltzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmena sinatu zuten iazko azaroan, Euskal Herriko nazio marka errepideetako seinaleetan erabiltzeko. Nafarroako Gobernuak berehala egin zuen hitzarmenaren aurka, eta diputazioari seinaleak kentzeko eskatu zion. Hark jaramonik egin ez zioenez, auzitegietara jo zuen, "Nafarroako erakundeen aurkako eraso garbia" zela iritzita.
Martxoaren 24an, administrazioarekiko auzietako salak behin behinean kartelak kentzeko agindu zuen. Hain justu, Nafarroako Gobernuak lehengo astean EAEko Auzitegi Nagusiari eskatu zion Gipuzkoako Diputazioak ebazpen hori bete dezan neurriak hartzeko.