Ibai Azkonak euskaraz egin du azken adierazpena Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu duten epaiketan. "Kartzelak husteko" garaia dela esan du, eta bere zein auzi berean epaituriko beste bederatzi gazteren absoluzioa eskatu du. Gaur amaitu da joan den astean hasi zen Iruñerriko hamar gazteren kontrako epaiketa; sententziaren zain geratu dira hamar gazteak.
Mikel Marin, Iker Aristu, Diego Octavio, Iker Araguas, Ibai Azkona, Oihan Ataun, Mikel Beunza, Iñaki Marin, Gorka Sueskun eta Mikel Flamarique dira auzipetuak, eta fiskalak sei urteko kartzela zigorra eskatzen du bakoitzarentzat, Segiko kide izatea egotzita. Epaiketaren hondarretan jaitsi du fiskalak gazteen kontrako zigor eskaera hamarretik sei urtera. Zigor eskaerak baliogabetzeko eskatu du Amaia Izko defentsako abokatuak.
Gazteek epailearen aurrean eginiko tortura salaketei ez die sinesgarritasunik eman fiskalak, azalduta tortura kasuak izan direnean ikertu egin dituztela. Estraburgoko Giza Eskubideen auzitegiak aldiz, kargu hartu zioen Espainiari tortura salaketa haiek ez ikertzeagatik.
2008an atxilotu zituzten, eta torturak salatu zituzten guztiek. Bat izan ezik, guztiak espetxeratu zituzten, eta bermeak ordainduta atera ziren gero. Zazpi urteetara hasi da auzi horren epaiketa. Hamar auzipetuetatik hiru espetxean dira beste auzi batzuen harira.