Carlos Vilchesen ustez, lau urteotan Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentearen irudi publikoak galera jasan, eta "eskuinaren kudeatzaile onaren mitoa apurtu" da. Diru galera "izugarria", Nafarroako Kutxaren desagerpena eta "ustelkeria ekonomikoa" aipatu ditu horren adibide. Hala ere, egoera aldatzeko itxaropena antzematen du herritarrengan.
Patxi Zamoraren iritziz ere aldaketa nahi dute herritarrek, baina ohartarazi du ez dela "erraza" izango. Izan ere, azpimarratu du "sektore kontserbadoreak baliabide asko" dituela aldaketa politikorik gerta ez dadin.
Pili Yoldiren esanetan, legealdian zehar "mundu guztia" egon da kalean: "Gauza asko gertatu dira". Lan publikoetan "handikeritan" aritzea egotzi die agintariei.
Euskarazko hezkuntzari erreparatu dio Torregrosak: "Argi dugu egungo gobernuak ez duela euskara gehiegi maite". Euskara Nafarroako hizkuntza dela eta nafar guztien eskubideak bermatu behar direla gogorarazi du, hala ere.
(Bideoa: Lara Madinabeitia).