Burrunba auzitegiraino

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko mai. 3a, 17:26

Ehunka lagunek babestu dituzte Iruñerriko gazte auzipetuak.

Ehunka lagunek bat egin dute bihartik aurrera Madrilen epaituko dituzten gazteekin. Preso politiko gehiagorik ez dutela nahi esan dute.

[Albistea Berrian]

Aski dela eta epaiketarik ez dutela nahi esan zuten atzo ehunka lagunek Iruñean. Antoniutti parkean hasi zen manifestazioa, eta pankarta laranjak ireki zuen martxa. Burrunba oso ozen aditu zen. Danborrak, txilibituak, sirenak... pankartako leloak zioen bezala, ozen aditu zitzaten. Halaxe izan zen, Alde Zaharreko kale estuetatik igaro baitziren. Maider Caminos Iruñerriko Herri Harresiko kideak esan zuenez, PPren jarrera aldatzea zen protestaren xedea: «Kokoteraino gaude».

Haren aburuz, Madrilgo gobernuaren bultzada du Iruñerriko hamar gazteren aurkako epaiketak. «PPren gobernuak euskal disidentziaren aurka egiten du errepresioaren errezeta zaharrekin». Izan ere, lan politikoa da epaitzen ari direna, haren ustez. Epaiketa politiko gehiagorik ez dutela onartuko ere esan zuen, eta mobilizazioaren beharra nabarmendu zuen. «Ez dugu preso politiko gehiagorik nahi, eta libre bizi nahi dugu».

Manifestazioaren bukaeran, Oihan Ataun eta Gorka Sueskun auzipetuek eskerrak eman zizkieten bertaratutakoei, eta lanean jarraitzeko eskatu zieten.

Beste epaiketa bat

Astelehenetik aurrera, Mikel Marin, Iker Aristu, Diego Octavio, Iker Araguas, Ibai Azkona, Oihan Ataun, Mikel Beunza, Iñaki Marin, Gorka Sueskun eta Mikel Flamarique epaituko dituzte, Segiko kideak direlakoan. Horregatik, hamar urteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak auzipetu bakoitzarendako. Maiatzaren 12an izanen da azken saioa. Iñaki Marin, Iker Araguas eta Ibai Azkona kartzelan dituzte, eta manifestazioan gogoan izan zituzten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!