UPNren eredutik ihes

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko mai. 1a, 17:13

Soldaten arteko aldea gutxitzeko asmoz, Polizien Legea moldatu zuen Nafarroako Parlamentuak martxoan. 50 urte dira Nafarroako Foruzaingoa sortu zutela.

[Albistea Berrian]

Zirkulazioa zaintzeko helburuarekin sortu zuen Nafarroako Foru Diputazioak egungo Foruzaingoa. Izena ezberdina zuen, baina: Errepideko Polizia. Langile publikoei ardura berriak gehitzearekin batera aldatu zioten izena, 1965ean. Aurten, 50 urte dira Nafarroako Foruzaingoa sortu zutela; eta betebehar eta funtzioek gora egin dute etengabe.

Ez horiek bakarrik. UGT, CCOO, ELA eta Afapna sindikatuek salatu dute gutxi batzuen soldatek ere gora egin dutela azken hamabi urteetan; «UPNk Foruzaingoa kontrolatu duen urteetan». Soldaten arteko ezberdintasunak murrizteko eta lan baldintzak hobetzeko asmoz, Nafarroako Polizien legearen moldaketa proposatu zuten, orain hiru urte eta erdi. Martxoan onartu zuten legea aldaketa; tirabira askorekin tartean.

Berandu egin da moldaketa, lau sindikatuen ustez. Legegintzaldi hasieran hasi ziren negoziazio lanetan, baina legearen hainbat puntuk lana zaildu dute. PSN alderdiak aurkeztu zuten lege proposamena, eta 2013ko urrian hartu zuen aintzat Nafarroako Parlamentuak. PSN, Bildu, Aralar eta Ezkerraren aldeko botoak jaso zituen, aurtengo martxoan; UPN eta PP alderdiek ezezkoa eman zuten, eta Geroa Baik, berriz, abstentziora jo zuen. Legegintzaldiko azken osoko bilkuran onartu zuten aldaketa. Aukera gehiagorik ez zegoenean.

Nafarroako Foruzaingoa «modernizatzeko» helburua izan dute sindikatu babesleek. Hala azaldu du Jon Elizalde UGTko ordezkariak; eta ordainketa sistema eta lanaldiak moldatu dituzte horretarako: «Orain hiru lanaldi mota ditugu: erregimen orokorra, lanaldi malgua eta egunetan zenbatzen den ordutegia. Denak erregimen orokorrean egongo gara moldaketarekin». ELAko ordezkaria da, berriz, Raul Juandeaburre. Haren ustez, «bestelako aldaketak» ere behar ditu Foruzaingoak. Hala ere, onartu egin zuten PSNren proposamena: «Guztiek berdina kobratu behar dugula ulertzen dugu».

Lanaldi malgua eta egunetan zenbatzen den ordutegia duten poliziek gehiago kobratzen dutela azaldu du Juandeaburrek: «Erregimen orokorrean gaudenak baino %15 gehiago jasotzen dute; neurrigabea da. Gainera, haien lanpostuen ezaugarriengatik lanaldi berezia duten arren, ordu estra gehien egiten dutenak dira». Soldaten arteko ezberdintasuna «gehiegizkoa» da, Elizalderen iritziz ere. Lanpostu aldaketak irizpide profesionalengatik egitea nahi du, irizpide ekonomikoak pisu txikiago izatea. «Foruzaingoa demokratikoa izatea nahi dugu; ez egotea egun dauden soldata desberdintasunak». Lortu dutela uste du.

Lege aldaketarekin, gehienez ere, %7ren aldea egongo da polizien soldata artean. Langileek jaso ahal dituzten osagarri espezifikoak aldatu dituzte zehazki; eta, ondorioz, 800 agente inguruk igoera sumatuko dute 2016ko lehenengo nominan. Foruzainei ez ezik, udaltzainei ere eragingo die Nafarroako Polizien lege aldaketak.

Buruen iritzia 

Ordainketa sistema eta lanaldi mota izan dira eztabaidagai nagusiak legearen moldaketaren tramitean. Eta sindikatuak ez ezik, Foruzaingoko buruak ere mintzatu dira gaiaz. Agerraldia eskatu zuen UPNek martxoaren 3rako. Nagusiek, baina, egun bat lehenago agertu zuten haien iritzia, Belosoko polizia etxean egindako prentsaurrekoan.

Erreformaren aurka egin zuten. Gelditzeko eskatu zuen Gerardo Goñi Foruzaingoko buruak, polizien jarduna «funtsean» aldatuko lukeelako aldaketak. Foruzaingoak 30 urte atzera egin dituela uste du, eta delinkuentzia ugarituko dela ere iragarri du. Lekuz kanpoko adierazpenak izan dira, Juandeaburreren iritziz: «Argudioak ez dira pisudunak; ez zuten benetan pentsatzen dutena esan».

Baina kalean bakarrik ez, eta legearen moldaketak Foruzaingoan haustura eragin duela ere esan zuen Goñik: «Barne tentsio asko dago, eta maila pertsonalera ere iritsi da kontua». Sindikatuek ez dute tentsioa ukatu. Baina Elizaldek azaldu duenez, haustura ez da aurtengo kontua. Moldaketak «beste haustura bat» eragin du, haren iritziz: «Kolektiboa 2005. urtetik dago hautsita».

Orain arteko hiru lanaldiak ezarri zituen UPNren gobernuak 2005. urtean. Eta erregimen orokorrean dauden langileentzako baino osagarri altuagoak ezarri zituen egunetan zenbatzen den ordutegia eta lanaldi malgua dutenentzat. «Gutxi batzuk saritu zituen; bizkartzainak, bereziki. Gainontzekoei kalte egin zigun», salatu du Elizaldek. Mobilizazioak egin zituzten sindikatuek aldaketa salatzeko. Ez zuten arrakastarik izan: «Diziplina espedienteekin eta mehatxuekin isilarazi zuten protesta».

Oharra bidali zuten, berriz, Udaltzaingoko buruek, martxoaren 10ean; parlamentuko batzordeak legeari egindako zuzenketak onartu zituen egunean. «Zerbitzuaren kalitatea hondatzeaz gain, udal gehienetan langileak antolatzeko arazo larriak eragingo ditu», ohartarazi zuten. Eta poliziaburuen ezezkoaz gainera, moldaketak hasieratik izan ditu aurka UPN eta PP alderdiak. Eztabaidetan PSN izan dute jomuga bi taldeek. Pedro Rascon sozialistaren aurka egin zuen, esaterako, UPNko Javier Caballerok moldaketa onartu aurretik: «Rascon jauna, agindupekoa izan zara. Testuak erredaktoreen interes partikularrak jasotzen ditu, eta ez dira ganbera honetan esertzen». Moldaketaren aurka egin zuten, berriz, PPko Eloy Villanuevak: «Lardaskeria bat egin duzue».

Aldaketa ezartzeak eragingo duen kostua izan da UPNren eta PPren kezka nagusia. 2,8 milioitan zifratu dute kostua; PSNk, ordea, kosturik gabekoa izango dela dio. «Trikimailu» batean oinarritutako argudioa du UPNk, Elizalderen ustez. Hainbat osagarri ezartzen ditu legeak, eta horiek ordaindu daitezkeela aipatzen du. «Ez du jartzen ordaindu behar direnik, baina UPNk behar dira jarri die osagarri guztiei».

Diziplinan, aldaketak

Aldaketak onura asko eragingo ditu, sindikatuen ustez. Soldatetan eta ordutegian izango dituzten aldaketez gain, hezkuntza, promozio eta diziplina erregimenak ere moldatu dituzte onartutako neurriekin. Aurreko diziplina erregimena «zaharra» zela esan du Elizaldek. «Ustezko arau hausleari lehenago jakinaraziko zaio hutsa; lehen ia prozeduraren amaieran esaten zitzaion, defentsa eskubidea asko murriztuz». 1990ean gobernuarekin adostutako hainbat akordio ere legean biltzea lortu dutela azaldu du Juandeaburrek: «Proba fisiko batzuk gainditzeagatik jaso ahal ditugun sariak dira, UPNk kendu nahi zizkigunak».

Foruzaingoaren egoera ez da onena. Desagertzeko zorian dago, ELAko kidearen iritziz. Buruei eta UPNren gobernuari egotzi die errua. «Lau urte daramagu auto berririk gabe, 500 mila kilometro baino gehiago duten ibilgailuekin, gelditzen diren motorrekin». Parlamentuan bi agerraldi egin dituzte Foruzaingoko sei sindikatuek egoera azaltzeko. «Ez dugu diru gehiago eskatzen, lanerako bitartekoak eta azpiegiturak hobetzea nahi dugu». Hurrengo gobernuari egin dio eskakizuna. Hala ere, lege aldaketarekin UPNren ereduari ihes egiteko pausu bat eman dutela uste du. «UPNk argi adierazi du: ez gaitu nahi».

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!