Gaur manifestazioa egingo dute Iruñean, astelehenean Madrilen hasiko den epaiketaren aurka

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko mai. 2a, 01:05

Espainiako Auzitegi Nazionalean Iruñerriko 10 gazte epaituko dituzte astelehenetik aurrera. Iruñerriko Herri Harresiak antolatu du mobilizazioa.

[Albistea Berrian]

Manifestazioa 18:00etan abiatuko da Antoniutti parketik, baina aurretik bi zutabe abiatuko dira. Bata, Barañain eta Donibanekoa, Golem zinemetatik irtengo da 17:30ean, eta bestea, Iturrama eta Arrosadiakoa,bunkerretik 17:30ean.Datorren astelehenean hasiko den Iruñerriko hamar gazteren kontrako epaiketaren harira antolatu du «manifestazio zaratatsua» Iruñerriko Herri Harresiak.

Mikel Marin, Iker Aristu, Diego Octavio, Iker Araguas, Ibai Azkona, Oihan Ataun, Mikel Beunza, Iñaki Marin, Gorka Sueskun eta Mikel Flamarique dira epaituak izango diren gazteak. 2008ko iraila eta azaroa artean atxilotu, eta espetxera bidali zituzten Segikoak izatea leporatuta. Inkomunikazio aldian torturak jasan zituztela salatu zuten. Zazpi bermepean aske utzi zituzten handik hilabete batzuetara. Araguas, Marin eta Azkona espetxean daude oraindik.

Epaiketaren saioak dauden egunetan bilkurak egingo dituzte, 10:00etatik 12:00etara, Espainiako Gobernuaren Iruñeko Ordezkaritzaren aurrean. Maiatzaren 4an eta 11n, PPren egoitzaren aurrean ere egingo dituzte bilkurak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!