Ruben Belokik aste honetan BERRIA-ri iragarri zion: "Bengoetxea VI-a eta Untoria dira faborito, baina gutxigatik". Pilotari ohiak nabarmendu zuen bikote urdina oso joko puntu "onean" iristen zela finalera, eta hori alde izan zezaketela gaurko lehian. Belokik esandakoa nabarmen erakutsi dute Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatutako partidan. Partidak hasiera gogorra izan badu ere (2-2, eta 4-4), hasi eta bukatu, nagusi izan dira Bengoetxea VI.a eta Untoria: 22-7 irabazi diete Berasaluze II.ari eta Zubietari. Bi pilotariek lehen txapela dute binakako txapelketan.
Lehen tantoetan partida estua izango zela zirudien. 4-4 jarri geroztik, ordea, kolore bakarra izan du partidak: urdina. 18 eta 3ko partziala egin dute txapeldunek. Alvaro Untoriak, bikain eutsi dio Aitor Zubietari, eta Oinatz Bengoetxea, txapelketa osoan bezala, nagusi izan da aurreko koadroetan. Defentsan aritu behar zenean eutsi, eta tantoa amaitu behar zenean bukatu egin du leitzarrak.
Zalantzarik gabe, Bengoetxearen txapelketa izan da. Untoriaren lana ere goraipatzekoa da. Andoni Aretxabaletaren ordezko gisa sartu zen txapelketan, baina aurreko urteetan izandako gorabeherak ahaztuta, maila bikaina eman du errioxarrak.
Bengoetxea VI.a: "Kastarekin irabazi dugu"
Finala bukatu berritan zoratzen hitz egin dute irabazleek. "Oso pozik" agertu da Bengoetxea: "Asko borrokatu behar izan dugu txapel hau lortzeko. Kastarekin irabazi dugu". Partidari erritmo bizia jartzeko asmoarekin plazaratu direla azaldu du aurrelariak, eta lortu dutela esan du. Txapela eskeintzerakoan, etxekoak eta lagunak ez ezik, gogoan izan du Andoni Aretxabaleta ere.
Untoriarentzat ere "izugarria" izan da binakako txapelketa irabaztea: "Ametsa egi bihurtu da". Bere bikotearentzat ere hitz onak izan ditu. "Hitz guztiak soberan dauden Oinatzen inguruan. Pilotaria paregabea eta pertsona paregabea da. Esker hitzak besterik ez ditut berarentzat".
Galtzaileak ez dira ezkutatu, galdu arren. Berasaluzek II.ak esan du Bengoetxeak eta Untoriak "merezimendu osoz" irabazi dutela txapela. "Partida bikaina egin dute, hasiera hasieratik mendean izan gaituzte". Berriztarrak adierazi du, lanean jarraituko duela beste final bat jokatu ahal izateko. Aurrelariaren bide beretik mintzatu da Zubieta ere: "Ezin izan da". Untoriak, eta, batez ere, Bengoetxeak egindako jokoa goraipatu ditu Zubietak.