Ivan Gimenezek liburu berria kaleratu du eta aurkezpen ofiziala jendaurrean bihar 19:30ean egingo du Iruñeko Gurutze plazako institutuan, Pili Ioldi kazetariarekin batera.Gaur prentsaren aurrean egindako aurkezpenean Gimenezek argi utzi nahi izan du ez dela memoria historikoari buruzko liburua. Bere esanetan, kazetaritza lana da, eta nahiz eta kazetariek orainari edo gehienez iragan hurbilari buruz hitz egin, Nafarroako eliteen azterketak ehun urteko atzerako begirada exijitzen du ezinbestean. Rafael Chirbes idazlearen aipua ekarri du gogora: «Ondasun ororen jatorria injustizia bat da, eta zenbaitetan krimen bat».
Liburuan, Nafarroako familia handien eta nabarrismo gisa definintzen den mugimenduaren erradiografia sakona egin du Gimenezek. Irudi metaforikoa erabili du azterketa deskribatzeko: mekanikari onek ibilgailuetako motorra piezaz pieza desmuntatzen duten bezala, Gimenezek nabarrismoaren adar desberdinak desmuntatu ditu liburuan. Datu eta dokumentazio zabala du lanak baina tonua "lotsagabea" da, egilearen ahotan.
El Corralito Foral gazteleraz idatzita dago, eta 21 euroko prezioa du.