"Oso pozik gaude". May Serrano da proposamenaren antolatzaileetako bat, eta deialdiak izan duen jarraipenaren harira, ezin du poza ezkutatu. "Tristea da, ordea, ekintza hauek egin beharra". Beltzez janzteko deia egiten diete deialdietan parte hartzen duten pertsonei, eta lurrean etzanda egoten dira, indarkeria matxistak lagatzen dituen biktimak gogoan. Euskal Herrian, esaterako, lehen biktima lehengo astean izan zen; gizon batek emaztea hil zuen Gasteizen apirilaren 2an.
Maiztasun jakinik gabe egiten dituzte ekintzak Women in Black taldekoek. "Albisteak ikusi eta gehiago ezin dugula sentitzen dugunean, orduan egiten ditugu", azaldu du Serranok. Hego Euskal Herrian bezalaxe, beste hainbat tokitan ere egin dituzte gaur ekintzak, esaterako, Madrilen eta Bartzelonan.