BENGOETXEA-UNTORIA 22. EZKURDIA-ZABALETA 18.
Iraupena. 79 minutu.
Pilotakadak. 688.
Sakez. Bengoetxea VI.ak bat (falta bat egin zuen); Ezkurdiak hiru.
Markagailua. 1-0, 1-2, 9-2, 9-3, 11-3, 11-8, 12-8, 12-11, 17-11, 17-18 eta 22-18,
Bestelakoak. Lepo bete zen Iruñeko Labrite pilotalekua. Apustuak Ezkurdia-Zabaletaren aldea atera ziren, 100-80ri.
Martxoaren 8a. Eibarko Astelena pilotalekua. 21na daude berdinduta Bengoetxea VI.a-Untoria eta Urrutikoetxea-Beroiz. Leitzakoak gantxoz jo du pilota, baina pilota gutxigatik joan da kanpora. Amaitu da partida. Bengoetxea VI.a bere buruarekin haserre biziz joan da aldagelara. Badaki huts egin duela, eta oso zail dutela jada finalerdietako ligaxkarako sailkatzea.
Urruti geratzen da egun hura. Orduko haserre eta amorruaren arrastorik ez dago. Akuilu bilakatu ditu Bengoetxea VI.ak. Ordutik lau partida jokatu ditu Leitzakoak, guztiak Untoriarekin. Guztiak irabazi dituzte. Horri esker lortu zuten lehenbizi, ezinezkoa zirudiena, finalerdietako ligaxkarako sailkatzea; eta horri esker daude orain, finalaren atarian —gaur lor dezakete helburua, Berasaluze II.a-Zubietak Gasteizen Artola-Albisuri irabazten badiete—. Eta horretan guztian inork zerikusia izan badu, Leitzako aurrelariak izan du. Azken lau partidetan lortu dituen estatistikei erreparatu besterik ez dago: 59 tanto egin ditu, 59 tanto 140tik, hots, lau partida horietan egin diren tantoen %42 berak egin ditu. Ikusgarria, hala ari baita Bengoetxea VI.a azkenaldian, ikusgarri.
Atzo ere bikain aritu zen Leitzakoa. Hamabost tanto egin zituen, erabakigarriak Labriten Ezkurdia-Zabaletari irabazteko (22-18). Aurreko partidekin alderatuta, ordea, Bengoetxea VI.aren jarduna gorabeheratsua izan zen. Ikusgarri hasi zen, behera egin zuen gero, eta suspertu egin zen azken txanpa erabakigarrian. Haren zorionerako, Untoria oso serio aritu zen berriz ere. Leitzakoak behera egin zuenean gora egin zuen atzelari errioxarrak, eta Aspekoen oldarraldiak lasaitu, batez ere Zabaletarenak. Atzelari gaztea ikusgarri aritu zen berriz ere, eta agerian utzi zuen gaur-gaurkoz, ez dagoela hura bezalakorik atzeko koadroetan. Harengatik ez balitz, ziztu bizian bukatuko zen atzoko partida, 11-3 jarri baitziren Asegarcekoak. Baina hor azaldu zen Zabaleta, desoreka orekatzeko (12-11). Asegarcekoen bigarren oldarraldian, berriz, Ezkurdiaren laguntza izan zuen. Aurrelariak zortzi tanto egin zituen, baina bost huts egin zituen. Bengoetxea VI.ak sei huts egin zituen, baina hamabost egin. Hor dago koska.