Denen izenean, Adolfo Araiz zerrendaburuak hartu du hitza, eta "aldaketaren protagonista" gisara aurkeztu ditu zerrenda "anitza" osatzen duten pertsonak. Adierazi duenez, EH Bilduk aurkeztutakoa ez da "zerrenda hutsa, eta ez da hutsuneak betetze hutsa". Are, gaur aurkeztutakoak "Nafarroa errotik aldatu eta denontzako Nafarroa eraikiko duten pertsonak" direla adierazi du.
Era berean, "kalea aldaketaz mintzo" den honetan, "zer aldaketa" eta "norekin egingo den" argitzeko beharra nabarmendu du Araizek. Ildo horretatik, EH Bilduren eskaintza azaldu du: "Arlo guztietan sakona eta sozialki konprometitua izanen den aldaketa nahi dugu, eta erregimenarekin zerikusirik izan ez dugunon artean eraikia". Adierazi duenez, EH Bilduk "leihoak ireki eta alfonbrak altxatuko ditu, eta auditoria sozial bat jarriko du martxan, Nafarroan gertatu dena, gure erakundeak nola kudeatu diren eta azken urteetako erabakien erantzuleak nortzuk diren argitzeko". Era berean, Nafarroa "demokratizatzeko" eta fiskalitatea "eraldatzeko" konpromisoa hartu du Nafarroako presidentetzarako hautagaiak. Azkenik, EH Bildu "Nafarroa gobernatzeko prest" dagoela adierazi du, "herritarrek hala erabakiko balute".
Zerrenda osoa