"Ezker abertzaleak eta ETAk eginiko gizateriaren aurkako krimenak" gaitzetsi ditu Nafarroako Parlamentuak

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko mar. 17a, 18:46

Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu du, otsailaren 11 "ETArengatik derrigorrez desplazatutakoen eta gizateriaren aurkako bere krimenen biktimen oroimenerako eguna" izendatuz.

UPN, PSN eta PPNren babesarekin onartu dute adierazpena, eta kontra bozkatu dute Bilduk, Aralar-Nabaik eta Ezkerrak. Zehazki, parlamentuak "aitortu eta gaitzetsi" egin du "ezker abertzaleak eta bere beso armatu ETAk Euskal Herrian eta Nafarroan eginiko garbiketa nazionala, gizateriaren kontrako krimenak eta genozidio ekintzak". Halaber, elkartasuna adierazi die biktimei.

Otsailaren 11ko eguna izendatuta, "krimen horiek ahaztuak izatea eta berriro errepikatzea" saihestu nahi du parlamentuak. Horrez gain, Nafarroako Hezkuntza Departamentuari eskatu dio "beharrezko neurriak" har ditzala material didaktikoan "ezker abertzalearen genozidio ekintza eta gizateriaren aurkako krimen guztien errelatoa" txertatzeko.

Dignidad y Justicia elkarteak aurkeztu zion proposamena Nafarroako Parlamentuari. Bilduk eta Aralar-Nabaik zuzenketa bat proposatu dute adierazpenean, parlamentuak "motibazio politikoko indarkeria ororen biktima guztiei elkartasuna" adierazteko. Zuzenketan, bi taldeek proposatu dute parlamentuak "bide soilik politikoen erabileraren beharra" aitortzea. Zuzenketa hori baztertu du Bozeramaileen Batzordeak, PPN, UPN eta PSNk kontra eginda.

Ezkerrak aurkeztutako adierazpen bat ere onartu du Nafarroako Parlamentuak, ETAren "indarkeria terrorista gaitzetsiz" eta erakundeari desegiteko eskatuz. UPN, PSN, PPN eta Ezkerraren botoekin onartu dute adierazpena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!