Erabaki hori birpentsa dezala eskatu dio Javier Esparza foru hauteskundeetarako UPNko zerrendaburuak Barcinari, argudiatuz proiektu "berritua" aurkeztu nahi duela bozetara. Are, ohartarazi dio ez dela "berrikuntzarik ez dakarren" proiektu baten buru izango.
Esparzak aitortu du gaiaren inguruan solastu dela Barcinarekin, baina ez dela akordiorik izan. Gainera, azaldu du ez zuela Barcinak zerrendan aurkezteko borondatea publiko egiteko asmoaren berri. Esparzak nabarmendu du proiektu "berritua" nahi duela, eta hori ezinbesteko elementutzat jo du. Hala ere, esan du Barcina Nafarroako Gobernuko eta UPNko presidentea dela, eta, zentzu horretan, "ezagutza politiko izugarria" duela. Barcinaren ibilbidea "primerakoa" dela eta alderdiaren nahiz "gizartearen zati garrantzitsu baten" aitortza duela gaineratu du Esparzak.
UPNren Zerrenda Batzordea da bozetarako zerrendak osatzeko arduraduna. Barcinak, baina, esana du "irteera postuetan" egon nahi duela. "Ez zait gustatzen prozesu batean gai hauetaz hitz egitea, biana datorren astean aurkeztu behar dira hautagaitzak, eta nirea aurkeztuko dut zerrendan egoteko", esan zuen hedabideen aurrean.
Barcina 2011tik da Nafarroako presidente, eta UPNko presidente ere bada. Agintaldi honetan CANen dieten auzian egon da nahastuta. Aurrerantzean ere parlamentari izango balitz, forudun ere izango litzateke, eta horrek babesa emango lioke etorkizunean auzi gehiago piztuko balira.