Nafarroako Gobernuko "kontseilari batek" bazuen iruzurraren berri, Izkoren arabera

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko mar. 10a, 20:22

Epaileak Osasunako beste bi zuzendaritza kide ohi inputatu ditu: Jose Manuel Purroi eta Sancho Bandres. Luis Zabalza Osasunako presidenteak eta hark gidatutako taldeak ukatu egin dute etziko batzar nagusian dimisioa aurkezteko asmoa dutela. Artxanko, berriz, libre geratuko da datozen orduetan, bermea ordainduta.

atxi Izko Osasunako presidente ohiak epailearen aurrean deklaratutakoak argitaratu ditu Diario de Noticias egunkariak. Informazio horren arabera, Izkok aitortu zuen Nafarroako Ogasunak abiatutako ikerketa bat geldiarazi zutela hark Nafarroako Gobernuko "kontseilari batekin" hitz egin ostean —Alvaro Miranda zen orduan Ekonomia kontseilaria, baina Izkok ez zuen izen-abizenik aipatu—. "Ogasunak beste alde batera begiratu zuen", esan zion Izkok epaileari.

Iragan ostiralean igaro ziren epailearen aurretik Osasunako zuzendaritzako sei kide ohi: Patxi Izko, Miguel Artxanko, Angel Bizkai, Txuma Peralta, Juan Pascual eta Diego Makirriain. Gaur, deklaratzen izan dira Jose Manuel Purroi eta Sancho Bandres, Artxankoren zuzendaritzako kideak, eta horiek ere inputatu ditu epaileak. Aske utzi ditu, karguekin. Purroik bi astean behin joan beharko du epaitegira. Jose Luis Roldani ere deklarazioa hartu dio epaileak, eta hura kargurik gabe utzi du aske. Manuel Ganuzak lekuko gisa deklaratu du.

Dimisio hotsak

Atzo hainbat iturrik zabaldutako informazioaren arabera, Osasunako egungo zuzendaritzak dimisioa aurkeztuko du etzi egitekoa duten batzar nagusian. Luis Zabalza buru duen taldeak, ordea, ukatu egin du informazio hori. Bart bildu dira zuzendaritzako kideak, eta bileraren amaieran jakinarazi zuten ez dutela kargua uzteko asmorik. "Indartsu gaude, eta formulak ditugu aurrera jarraitzeko".

Futbol Liga Profesionalari (LFP) aurkeztu beharreko abala da egungo zuzendaritzaren kezka nagusia. Osasunak 1,75 milioiko bermea aurkeztu behar dio LFPri, eta zuzendaritza beldur da diru hori partiden salerosketen auziak sortutako erantzukizunei aurre egiteko erabiliko ote duten. Pedro Baile Osasunako idazkariaren esanetan, ez litzateke bidezkoa beste batzuek "gaizki" egindakoa zuzendaritza berriak ordaindu behar izatea.

Ser irrati kateko El Larguero saioan, igande gauean, Angel Bizkai 24 urtez Osasunako kudeatzaile izandakoak Futbol Liga Profesionalari (LFP) egindako aitortzaren transkripzioa zabaldu zuten, eta zalaparta handia sortu du filtrazioak. Bertan, Bizkaik ezagutzera ematen du azken bi denboraldietan 1,3 milioi euro erabili zirela partidak erosteko. Hala ere, Patxi Izkoren agintaldian halako gauzak egiten zirela gaineratu zuen Bizkaik: "Nik ez nuen ezertan parte hartzen, zuzendari nagusi bat zegoelako: Jose Gomez".

Transkripzio osoa irakurrita bestelako berritasun batzuk ere jakin dira, gainera. Adibidez, Izkoren garaian Bizkaik aipatzen du Ogasuneko inspekzio bat zela martxan 500 euroko billeteen mugimenduagatik. "Inspektoreari zertarako zen aipatu nion", dio Bizkaik eta zehaztu zion inspektore horri futbol partida bat "konpontzeko" zela. "Erantzun zidan presidenteak sinatutako gutun bat eduki nezakeela auzi horretan ni libratzeko asmoz, eta diru hori klubaren altxortegi beharretarako zela. Patxi Izkori esan nion orduan: 'Begira, arazo hau daukat, gutun bat idatzi dut, inspektoreak eskatu bezala'. Sinatu zidan, inspektoreari eraman nion eta gaiaren akta egin zidan".

Nafarroako Ogasunean, ikerketa

Informazio horren harira, Nafarroako Ogasunak informazio espedientea ireki du. Era berean, Bildu eta Aralar NaBairen ekimenez, Nafarroako Gobernuak zein Ogasunak Parlamentura joko dute azalpenak emateko asmoz. Lourdes Goikoetxea Nafarroako Ekonomia kontseilariak adierazi duenez, ez du "inolako informaziorik" Ogasuneko ikuskatzaileak iruzurren berri izanaren inguruan. Auzia "gardentasunez eta arin" argitzea espero du.

LFPri urtarrilaren 26an egin zion aitortza Bizkaik eta auzibidea irekitzeko funtsezkoa izan zen. Ustez, Bizkaik hitzartu zuen Osasunaren aurkako zigor administratiborik ez dela egongo eta LFPk ez duela bere aurka joko.

Aitortzaren beste berritasunetako bat da zuzendaritza jakinaren gainean zegoela. 2012-2013 denboraldian, 400.000 euroko ordainketa bati buruz galdetzean Bizkaik zehazten du zuzendaritza jakinaren gainean zegoela.

Azken denboraldiko bi jardunaldiak

Bizkaik Osasuna Bigarren Mailara jaitsi zeneko denboraldiko hainbat xehetasun ematen ditu. Adibidez, Betiseko Jordi Figuerasekin eta Antonio Amaya jokalariekin batzartu zen Valentziako hotel batean. Bertan, hitzartu zen Valladolidi irabazteagatik Betisi 400.000 euro ordainduko zitzaizkiola eta beste 250.000 euro Osasunaren aurka galtzeagatik azken jardunaldian. Betiseko bi jokalariek milioi bat euro eskatu zituzten galtzen uzteagatik, baina, Bizkairen arabera, 250.000 euro ordaindu zitzaizkien nahiz eta azken baldintzak Txuma Peralta zuzendaritzako kidearekin hitzartu. Figuerasek Peraltarekin hitzartutako dirua erreklamatu zion behin eta berriz, hainbat telefono dei bidez.

Azkenaurreko jardunaldian Osasunako eta Espanyoleko jokalariek berdinketa hitzartu zuten. Emaitza nahikoa zitzaion Espanyoli salbatzeko; Osasunari ez. Hala ere, Osasunak 250.000 euro ordaindu zituen. Bizkairen arabera, partida aurreko gauean elkartu ziren bi taldeetako "bi edo hiru jokalari". Osasunaren kasuan, Patxi Puñal "ziur" bazegoela aipatu du, eta zalantzak zituen Damia Abella ere izan ote zen. Espanyolen kasuan, gutxienez, Sergio Garcia egon zela dio. Bizkai ez zen bilera hartan egon. Jokalariak hoteletik gertu ziren kotxetan elkartu ziren.

Joxerra Senar

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!