Ser Irrati kateko El Larguero saioan, bart gauean, Angel Bizkai 24 urtez Osasunako kudeatzaile izandakoak Futbol Liga Profesionalari (LFP) egindako aitortzaren transkripzioa zabaldu zen. Bertan, Bizkaik ezagutzera ematen du azken bi denboraldietan 1,3 milioi euro erabili zirela partidak erosteko. Hala ere, Patxi Izkoren agintaldian halako gauzak egiten zirela gaineratu zuen Bizkaik: "Nik ez nuen ezertan parte hartzen, zuzendari nagusi bat zegoelako: Jose Gomez".
Aurreko egunetan, aitortza horren xehetasun batzuk jakinarazi dira, baina transkripzio osoa irakurrita badira berritasun batzuk. Adibidez, Izkoren garaian Bizkaik aipatzen du Ogasuneko inspekzio bat zela martxan 500 euroko billeteen mugimenduagatik. "Inspektoreari zertarako zen aipatu nion", dio Bizkaik eta zehaztu zion inspektore horri futbol partida bat "konpontzeko" zela. "Erantzun zidan presidenteak sinatutako gutun bat eduki nezakeela auzi horretan ni libratzeko asmoz, eta diru hori klubaren altxortegi beharretarako zela. Patxi Izkori esan nion orduan: 'Begira, arazo hau daukat, gutun bat idatzi dut, inspektoreak eskatu bezala'. Sinatu zidan, inspektoreari eraman nion eta gaiaren akta egin zidan".
Informazio horren harira, Nafarroako Ogasunak informazio espedientea ireki du. Era berean, Bildu eta Aralar NaBairen ekimenez, Nafarroako Gobernuak zein Ogasunak Parlamentura joko dute azalpenak emateko asmoz.
LFPri urtarrilaren 26an egin zion aitortza Bizkaik eta auzibidea irekitzeko funtsezkoa izan zen. Ustez, Bizkaik hitzartu zuen Osasunaren aurkako zigor administratiborik ez dela egongo eta LFPk ez duela bere aurka joko.
Aitortzaren beste berritasunetako bat da zuzendaritza jakinaren gainean zegoela. 2012-2013 denboraldian, 400.000 euroko ordainketa bati buruz galdetzean Bizkaik zehazten du zuzendaritza jakinaren gainean zegoela.
Azken denboraldiko bi jardunaldiak
Bizkaik Osasuna Bigarren Mailara jaitsi zeneko denboraldiko hainbat xehetasun ematen ditu. Adibidez, Betiseko Jordi Figuerasekin eta Antonio Amaya jokalariekin batzartu zen Valentziako hotel batean. Bertan, hitzartu zen Valladolidi irabazteagatik Betisi 400.000 euro ordainduko zitzaizkiola eta beste 250.000 euro Osasunaren aurka galtzeagatik azken jardunaldian. Betiseko bi jokalariek milioi bat euro eskatu zituzten galtzen uzteagatik, baina, Bizkairen arabera, 250.000 euro ordaindu zitzaizkien nahiz eta azken baldintzak Txuma Peralta zuzendaritzako kidearekin hitzartu. Figuerasek Peraltarekin hitzartutako dirua erreklamatu zion behin eta berriz, hainbat telefono dei bidez.
Azkenaurreko jardunaldian Osasunako eta Espanyoleko jokalariek berdinketa hitzartu zuten. Emaitza nahikoa zitzaion Espanyoli salbatzeko; Osasunari ez. Hala ere, Osasunak 250.000 euro ordaindu zituen. Bizkairen arabera, partida aurreko gauean elkartu ziren bi taldeetako "bi edo hiru jokalari". Osasunaren kasuan, Patxi Puñal "ziur" bazegoela aipatu du, eta zalantzak zituen Damia Abella ere izan ote zen. Espanyolen kasuan, gutxienez, Sergio Garcia egon zela dio. Bizkai ez zen bilera hartan egon. Jokalariak hoteletik gertu ziren kotxetan elkartu ziren.
Joxerra Senar