Artxanko, Bizkai eta Peralta Osasunako arduradun ohiak atxilotu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko mar. 5a, 13:13

Berria. Iñigo Uriz / Argazki Press

Espainiako Poliziaren aurrean deklaratzen ari dira presidente ohia, kudeatzaile ohia eta zuzendaritzako kide ohia. Peralta atera da kuarteletik.

Espainiako Poliziak gaur goizean Miguel Artxanko Osasunako presidente ohia, Angel Bizkai kudeatzaile ohia eta Txuma Peralta zuzendaritzako kide ohia atxilotu ditu eta euren etxeak miatu dituzte. Jakin berri denez, Espainiako Poliziaren kuartelera eraman dituzte eta deklaratzen ari dira. Lehen informazioen arabera, Osasunaren zuzendaritzan egon zirenean klubean izan ziren irregulartasun ekonomikoengatik galdetzeko atxilotu dituzte.

Artxanko urte hasieratik du begiz jota Espainiako Ustelkeriaren Aurkako Epaitegiak, 2014-2015 denboraldiaren amaieran iruzur egin zuelakoan. Susmoa du epaitegi horrek pasa den denboraldiaren amaieran zenbait partida erosten ahalegindu zela Osasuna —mailaz jaitsi zen, hala ere—, eta klubetik desagertu zen diruaren zati batek paradisu fiskaletan bukatu zuela.

Angel Bizkai izan zen aitortu zuena bera Betiseko bi jokalarirekin bildu zela (Antonio Amaya eta Jordi Figueras), eta 250.000 euro eskaini zizkiela Valladolidi irabaztearen truke —4-3 amaitu zen, Betisen alde—; kopuru hori are handiagoa izango zela hitzartu zuten azken jardunaldian, Sadarren, Osasunaren aurka galtzen utziz gero —2-1 irabazi zuten nafarrek, baina Bigarren Mailara jaitsi ziren—. Amayak, egun Rayo Vallecanoko jokalaria denak, ukatu egin zituen salaketa horiek.

Bizkaik iruzurra aitortu zuenean deklaratu omen zuen Osasunako zuzendaritza eskaintza horien jakinaren gainean zegoela. Bizkairen deklarazioa entzun ondoren, epaileak Espainiako Poliziari eskatu zion ikertzeko Osasunaren altxortegian zegoen 3,7 milioi euroko zuloa. Osasunak 2,4 milioiko zuloa salatu du eta horrez gain 2013ko azaroa eta 2014ko ekaina bitartean esku dirutan atera ziren 1,3 milioi euro ere desagertuta daude.

Kirol arloan ere Jan Urban entrenatzailea bota berri du eta Mateo jokalari ohiak hartu du taldearen gidaritza.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!