arbi ditzatela ibaiak. Eskaera hori hamaika aldiz entzun da azken egunotan, joan den astean urak gainezka egin eta gero. Ebrok ukitzen dituen herrietako biztanleek, nekazariek eta politikariek egin dute, batez ere. Nafarroako Gobernuko Ingurumen kontseilari Jose Javier Esparzak berak ere Ebroko Ur Konfederazioari galdegin dio Ebron esku hartzea; eta Aragoiko (Espainia) presidente Luisa Fernanda Rudik erran du uholdeak gertatu direla ibai horrek «jokabide arraroa» izan duelako.
Nekazariek eta politikariek Ebro garbitzeko eskatzen dutenean, dragatzea ari dira galdegiten. Azken uholdeen harira, hainbat talde ekologistak eta biologok erantzun diote eskaera horri, eta argi utzi dute, batetik, ibaia berez garbitzen dela, eta, bertzetik, dragatzea ez dela konponbidea. Alderantziz. «Basamortuko harea ezin da hustu», nabarmendu du Uraren Kultura Berria Fundazioko kide eta biologo Camino Jasok.
Ebro ibaia dragatzea basamortuko harea hustu nahi izatea bezalakoa da. Horixe erran du Jasok. Eta argi utzi du dragatzea ez dela garbitzea. Iritzi horrekin bat egin du SEO/BirdLife talde ekologistak. «Politikariek jasotzen dituzten kexei erantzuteko modu erraza baino ez da ibaiak dragatzeko eskatzea. Dirua xahutzea da, ordea, eta ibaiaren egiturari kalte egitea. Legarra ibaiaren parte bat da, eta ateratzeak ekosistema osoari egiten dio mehatxu», erran du.
Ez da mehatxu bakarra, gainera. «Bada garaia ibaiei itzultzeko berez haiena den ohea», erran du WWF erakunde ekologistak. Gizakien jarduerek bere tokia kendu diote ibaiari, eta, ondorioz, gainezka egiten duenean, berea den bidetik aurrera baino ez du egiten. Joan den asteko uholdeek Iruñea jo zutenean, Arrotxapea auzoko ibaiaren ondoko aparkalekuetan jarritako kartelek argi utzi zuten: Uholde arriskuko eremutzat jo zuten Arga ibaiari kendutako inguru hori. Uholde arriskuko eremuak ur azpian gelditzea baita normalena.
Ibaiak ez dira ubide soilak. Ura, legarra, ertzetako landaretza. Elementu horiek guztiek eta bertze hainbatek osatzen dute ibaiaren espazioa. «Ibaiek gainezka egiten dutenean, legarra uzteko espazioa bilatzen dute; zabaldegiak sortzen dituzte modu horretan. Azken finean, ibaia bere gisa egokitzen da», azaldu du Jasok.
Oviedoko Unibertsitateko bertze biologo batek, David Alvarezek, kontu batean arrazoia eman die Ebrok eragindako uholdeen harira ibaiak zikinak daudela erran duten nekazariei eta politikariei: «Guk botatako zaborrez beteta daude; eta, bai, kaka hori guztia atera beharko genuke gure ibaietatik. Ibaia dragatzeko eskatzen dutenek, ordea, ibaia zer den ez dakitela bertzerik ez dute erakusten».
Kudeaketa eredua aldatu
Jasok denbora luzez egindako «kudeaketa negargarria» salatu du. Horren eragina ikusten baitu, oraindik ere, oraingo uholdeek eragin dituzten kalteetan. Nafarroan egin dena jarri du kudeaketa txar horren adibide; Europatik ailegatu diren zuzentarauek, ordea, bertze bide bat zehaztu dute esparru horretan, eta Jasok uste du kudeaketa eredua aldatzen hasi dela. «Oraindik, hala ere, aspaldi hartutako erabakien ondorioak jasan behar ditugu».
Europak bi zuzentarauren bidez erraten du ibaien inguruan zer egin behar den: batetik, uraren zuzentaraua kalitateaz mintzatzen da, eta arlo horretan aipatzen du, bertzeak bertze, «ibaiari ibai izaten» utzi behar zaiola ibaietako ekosistemen kalitatea bermatzeko. «Berezkoa duen funtzionamendua bermatu behar zaio ibaiari».
Alde horretatik, «harrigarritzat» jo ditu Rudiren hitzak. Ibaiak ezin duelako «jokabide arraroa» izan. «Beharbada, erran nahi zuen egindako iragarpenak ez zirela bete. Finean, matematika ereduak erabiltzen ditugu kalkulatzeko zenbatekoa izanen den une jakin batean ibaiaren emaria, baina gizakiok egindako ereduak diren neurrian, huts egin dezakete».
Bertzalde, uholde arriskuak aipatzen dituen Europako zuzentaraua dago, eta horrek argi erraten du ezin dela baimendu egungo arriskuak gora egitea ekarriko duen jarduerarik. «Adibidez, uholdeak izateko eremu batean egun soroak badira, hor ezin izanen da lantegi bat jarri, horrek arriskua areagotu eginen lukeelako», azaldu du Jasok.
Europak zehaztutako bidetik urratsak egiteko beharra nabarmendu du Uraren Kultura Berria Fundazioko kideak. «Gizarteak, politikariek eta kudeatzaileek bat egiteko garaia da», erantsi du. Eta ez du ontzat jo oraindik ere Nafarroako Ingurumen kontseilariak ibaia dragatzeko eskatzea. «Ezin dugu horrelakorik onartu».
Bada gero eta gehiago kontuan izan beharko den bertze elementu bat, Jasoren hitzetan: klimaren aldaketaren eragina. «Klimaren aldaketa hemen dugu. Eta gelditzeko etorri da. Iragarpenek diote gero eta fenomeno muturreko gehiago izanen ditugula; lehorte handiko epeak, bai eta uholde handikoak ere».
Edurne Elizondo