Clausewitz ala Liddell Hart

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2020ko ira. 28a, 12:46

Komentarista politiko izateko karnetak banatzen dituzten eskolan ezinbestean aipatu beharreko lantzat daukate Carl von Clausewitz militar prusiarraren 'Gerrari buruz' liburua. Tira, zehatzagoak izateko, liburu horretako aipu bat erabiltzera animatzen dituzte biharko tertuliano guztiak: politika beste bitarteko batzuen bidez egiten jarraitzeko modu bat dela gerra.

Clausewitz bezain aipatua ez den teoriko militar baten berri izan dut Stefano Malatestaren 'Zalditeriaren banitatea' liburuan: Basil Henry Liddell Hart, Lehen Mundu Gerrako Sommeko batailan parte hartu zuen eta 1916ko uztaileko egun batez, beste milaka soldadu ingelesekin batera, lubakietatik salto egin eta metrailadore alemaniarren tiroak ezagutu zituen. Egunaren bukaeran bere herrialdeko 60.000 lagun hilda, zaurituta edo dispertsatuta ikusi zituen eta, desastre historiko horrek gerrari buruzko ikuspegia guztiz aldatu zion.

Gerraren helburua, Liddell Harten arabera, izan behar da nazio batek lortzea bere etsaiaren erresistentzia-borondatea desaktibatzea, horretarako ahalik eta bizitza gutxien galduz. Azken parte horrek, gatazka militar batean hiltzen diren pertsonen kopurua minimizatzeko premia azpimarratzeak, goitik behera aldatzen du gerraren bidez lortutako garaipenaren kontzeptua, posizio bat lortu ondoren gorpuekin mendiak egin baditzakezu zilegi baita galdetzea zer irabazi duzun benetan.

Kontu hauek irakurtzen pasa nuen atzoko eguna, pantailan Gudari Eguneko bideo eta argazkiak agertzen zitzaizkidan biartean, pentsarazi zidatenak oraindik jende gehiegi dagoela Clausewitzen esaldi batean trabatuta eta aldiz, jende gutxiegik ezagutzen duela Liddell Hart. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!