Zarata

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2020ko eka. 8a, 13:03

Benetakotasunak geroz eta gutxiago inporta duen mundu batean bizi gara. Postureorako hainbeste dispositibo dauzkagu, hainbeste tresna eman zaizkigu gure bizitzak besteen aurrean fikzionatzeko, ezen inposturak deigarria izateari utzi baitio, normaltasun berria bihurtzeraino. Irudi publiko baten eta atzean dagoen pertsonak benetan egiten duenaren artean tarte handi samarra egon daiteke, baina badirudi horrek ez duela gehiago inporta.

Inposturaren artean ere ñabardurak daude ordea. Badira postureo kaltegabeak eta badira arriskutsuak izan daitezkeenak. Beti pentsatu izan dut itxurakeria politikoan aritzeko modu batzuk bigarren eremu horretan sartzen direla: denok ezagutu ditugu sare sozialetako erradikalak, iraultzaren autoa atzeko eserlekutik gidatu nahi duten txoferrak edo armadarik gabeko jeneralak. Lumaje horretako jendearen arriskua ez dago, noski, publiko egiten dituzten proklametan, baizik eta horien bidez sor dezaketen fikziozko iritzi-giroan: benetakoa ez den babes bat adierazten diote kausa bati edo borrokatzeko modu batzuei; borroka horretan inplikatuta daudenek pentsa dezakete benetan daukatena baino inguru zabalagoa daukatela; eta errepresioak jotzen dituenean, etsipenez ikusten dute atzo haien ekintzen alde ari zenak gaur, justu momentu honetan, ordua hartua zeukala ileapaindegian.

Badago, zorionez, postureo politikoan ari direnak detektatzeko metodo bat inoiz huts egiten ez duena: dimentsio sozial, filosofiko edo zientifikotik emititzen duten zarata diskurtsiboa isiltzea eta dimentsio praktikoari begiratzea: hitzetatik harago, zertan ari diren edo aritu ziren auzi konkretu horri dagokionez. Niri behintzat, orain esaten ari diren gauzak irakurrita, batzuetan gogoa ematen baitit zenbait pertsonari galdetzeko, Nacho Vegasen kanta hartakoa: "Non zeunden zu gerra galdu genuenean?".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!