Ez naiz robota

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2020ko mar. 9a, 12:54

Teknologia berrien kontu honetan dena ez da lobotomia digitala, datuak zukutuz egindako negozioa eta langileak are gehiago esplotatzeko aukera ematen duten aplikazioak. Hori dena hor dagoen arren, digitalizazio hipermodernoaren aitzakian sartu dizkiguten porru askoren despit, pantailen munduak gauza zoragarriak ere ekarri dizkigu. Adibidez, interfazeetako hizkera. Oraindik ez ditugu pertsonen arteko elkarrizketetan txertatu pantailak gurekin komunikatzeko erabiltzen dituen formulak, baina nik lokuzio horietako batzuk erabiltzen hasteari abantailak besterik ez dizkiot ikusten.

Zeren nik behintzat, anekdota bat kontatzen hasi aurretik ordu laurdenez aurrekarietan galtzen den lagunari gustura esango nioke "skip intro" egiteko. 15 urte nituenean, gustura sakatuko nuen "ez galdetu berriro" botoia gurasoek etxerako lanak egin ote nituen galdetzen zidaten bakoitzean. Istiluetarako uniformez jantzitako poliziak inguruan daudenean, "kontrol F" sakatu eta jendetasuna non daukaten bilatzen saiatuko nintzateke. Eta zer esanik ez, Iñigo Urkulluren prentsaurrekoak jarraitzen dituzten kazetariek, behin baino gehiagotan edukiko zuten tentazioa konprobatzeko ea Euskal Erdiko lehendakariak gainditzen ote duen "ez naiz robota" dioen formularioa. Nire apustua da ezetz. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!