Katxondeo handi samarra egon da joan den astean Cayetana Alvarez de Toledo PPko kidearen bideo baten harira. Gazte kuadrilla, nola esan, espezial samar batekin agertzen da politikari polemikoa. Cayetanoek –mutilak baitira irudietan agertzen diren gazte denak– bizarrik ere ez dute aurpegian, baina haien zapata nautiko, gorbata eta Beukelaerko printzearen melenak ikusirik, argi samar geratzen da Espainian friki-fatxen labealdi berria prest daukatela edozein ezkontza, bataio edo birkonkista gertatzen delarik kameren aurrera ateratzeko. Katxondeo handi samarra, nioen, PPren gaztedia dekadentea ezin hobeki islatzen duen kaiokumeen piuren kontura. Baina niri, Nafarroako azken portuan bizi naizen honi, larunbatean ogi bila irten nintzenean brometarako aldartea guztiz desegin zitzaidan, izan ere, cayetanoen antz handia zeukan gazte talde batekin gurutzatu nintzen, baita pentsatzen hasi ere, espezie horretako jendeak gure kostaldean aspaldian egina duela habia, hemen pasatzen dutela uda beraien gin-tonic fatxak edaten, beraien barkutxo fatxetan nabigatzen eta beraien bikote fatxekin jo eta jo –hurrengo labealdia ere ekarri behar baita mundura–. Beraien Ralph Lauren poloek kresal usaina hartzen duten bitartean, leihotik begira, barre galantak eging behar dituzte cayetanoek datozen urte luzeetan, bizitzeko lan egin behar duten euskal gazteen kontura, hauek munduko segailenak izanik ere.