Indarkeria erabiltzea ongi ote zegoen ala ez. Horri buruzko debatean murgildu dira beeeerriro euskal alderdi abertzaleak joan den astean. Pertsonalki, ez dakit eztabaida horretan asmo oneko jarrerarik geratzen ote den dagoeneko. Taktizismo asko bai: jeltzaleek biolentziari buruzko eztabaida erabiltzen dute beraien zentralitatea indartzeko ezker abertzalea zokora bidaliz; eta azken hauek, gauzaren aurrean beren burua kokatzeko problema handiekin jarraitzen dute: barne-ahots batek autokritika eskatzen die, besteak berriz, puntu batetik aurrera esan daitekeena gertuko jendearentzat mingarria izan daitekeela.
Nahiko aspertuta naukate horrelako xextrek, izugarri errepikakorrak dira. Eta titularrak bukatzen direnean, ez dago aurrerapenik. Gauza askoz makabroagoa da prentsan eta sare sozialetan ikusten duguna: aldian behin gorpuak lurpetik atera eta elkarri jaurtitzen hastearen antzeko joko bat.