Azken hamarkadetan ez dugu klaro eduki nori egokitzen zitzaion gure gizartean "bestea" izatea. "Bestea", badakizue, "gu" ez den hori. Batzuen iritziz, "besteak" terroristak eta haien lagunak ziren, bizikidetza puskatzen zutelako, jende errugabea erail, beraiek ez bezala pentsatzen zuena mehatxatu eta abar. Beste batzuen iritziz berriz, gure artean bizi ziren Espainiako Estatuaren ordezkariak ziren "besteak", hasi polizia eta Guardia Zibiletatik eta zenbait alderditako hautetsietaraino, gure herriaren zapalkuntzaren erantzuleak zirelakoan.
Duda horiek guztiak uxatu zaizkigula dirudi, garai berri eta esperantzagarri hauetan geroz eta argiago ikusten baita "bestea" izendatzeko kontsentsua nola ari den osatzen: eskuin espainolistari botoa ematen dion bizilagunak eta ustez ezkertiarra eta seguru abertzalea den lagunak etorkinen kontra hasten direnean aho beretik hitz egiten dutela dirudi. Bidaide bitxiak eragiten ditu arrazakeriak.