Reductio ad Fallaci

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2019ko api. 15a, 11:44

Asteburu honetan Espainia bakar, handi eta fatxalekoz jantziaren alderdiak Euskal Herrian izan dira. Probokaziotzat hartu diren bisita horien aurka protesta egin duten pertsonentzat, Fernando Aramburuk esaldi bat dauka: "Bi faxista mota daude: faxistak eta antifaxistak". Oriana Fallaci idazle eta kazetariarena dela esanez zabaldu ditu hitz horiek Twitterren eta, beste behin ere, Aramburuk garbi utzi du bluf bat dela.

Lehenik eta behin, esaldia arrazoiketa txiki bat pasatzen ez duen porru ustela delako: faxismoa Italiatik ostikatu zuten partisanoak Mussoliniren igualtzat jotzea, inteligentzia iraintzea da –eta dauzkagun askatasun askoren alde borrokatu zutenen gainean pixa egitea–.

Bigarrenik, zita faltsua delako: esaldi hori ez da Oriana Fallacirena, Ennio Flaianoren esaldi batetik egindako manipulazio handi samarra baizik.

Azkenik, Aramburuk erreferente demokratikoren bat aukeratzekotan, Fallaci baino norbait hobea aukera zezakeelako. Gauza jakina da kazetaritza utzi ondoren zer nolako ideiekin itzuli zen egile florentziarra mende honen hasieran eszena publikora: Europa islamisten kolonia bihurtu zela esanez, asaldatuta; eta sexu bereko pertsonen arteko ezkontza deitoratuz edo abortuaren kontra agertuz, besteak beste.

Tira, agian azkeneko hori da Arambururen hautuan gauza koherente bakarra: naftalina usaineko narratzailea gustura imajinatzen dugu gizarte ultra-kontserbadore batean paseatzen, faxistak besteak direla pentsatzen duen bitartean.



--

gorka

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!