Interesgarria da hauteskunde giroan murgilduta gauden honetan, alderdi politikoek zein gairi buruz hitz egiten duten ikustea. Eta batez ere, nola denak ari diren gai bat aipatu gabe uzten. Alderdietako kideak entzuten ditut egunotan, ezkerretik eskuinera, fideltasun nazional guztietakoak, eta inork ez du aipatzen ekonomia adituek iragartzen duten krisi berria, batzuen arabera 2019an bertan lehertuko dena eta beste batzuen arabera 2020an.
Badirudi ahaztu egin zaiela azkeneko krisiak nola aldatu zituen goitik behera herritarron bizi-aurreikuspenak eta nola transformatu zuen horrek, era berean, ordura arteko politika. Badirudi denak ados jarri direla itzuliko den mamu horren izena momentuz ez aipatzeko.
Mitinak pizteko egokiagoak diren gaien arabera aukeratuko ditugun politikariek, segur aski, orain izendatu nahi ez dituzten auzi ekonomikoek baldintzatuta gobernatu beharko dute. Esango nuke badakitela. Horregatik iruditzen zait fartsa ikaragarri baten lekuko izaten ari garela.