Hauteskundeetan, Osasunaren espiritua

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2019ko mar. 11a, 12:32

Botoa ematearen kontua aski modu ekibokatuan enfokatzen dugula iruditzen zait, erabaki transzendental bihurtzen dugulako berez nahiko gauza praktikoa dena. Botoa ematea ez da ezkontzea, ez da hipoteka bat sinatzea, ez da dirua ala zintzurra, bizi ala hil. Berez, zure boto soilak ez du askorako balio. Horregatik, gauza ezdeus samarra delako, ia beti bukatzen dut botoa ematen, ia inoiz nire botoarekin oso konbentzituta egoten ez banaiz ere.

Zeren kontrakoak ez du funtzionatzen, pentsatzeak ontzian botatzen duzun paperarekin gizarte osoarentzat onena egiten ari zarela. Hauteskundeak ez dira horretarako. Hauteskundeak dira kontrarioak baino ordezkari bat gehiago lortzeko, futbola besteek baino gol bat gehiago sartzea den bezalaxe. Ni behintzat, askoz gusturago sentitu naiz botoa negatibotasunez eman izan dudanetan, alegia, etsaia izorratzeko asmo hutsarekin.

Datozen zita elektoraletan, bereziki Nafarroan, espiritu horrekin bozkatzeko aholkatzen ari naiz ingurukoei: gutarrak epelak eta baldarrontziak izango dira, ados, baina gauzak hartzen ari diren kolorea ikusita, Osasunaren espiritua nagusitzen da: ukondoarekin bada ere, bota baloia sare barrura. Joko polita egiteko etorriko dira partidu hobeak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!