Ez naiz mundua deskubritzen ari, esaten badut ezkerreko jendearen artean giroa gaiztotuta dagoela azkenaldian eta, hauteskundeak hurbildu ahala, ez dela zaila aurreikustea tentsioek gora egingo dutela. Ardatz ugaritatik begiratzea merezi duen debate baten lekuko izaten ari gara, instituzioetan parte hartzeari buruzko ataka klasikotik hasita, belaunaldien arteko ezin-ulertura eraman gaitzakeena.
Eztabaidak ez du zertan txarra izan, baina sare sozialetan bolbora bezala su hartzen duenean, eduki gutxi eta kalifikatzaile gehiegi ikusten da. Infernua besteak dira, Sartrek zioen moduan, eta Euskal Herriko ezkerreko fakzioen artean logika hori aplikatuz eztabaidatzen da, norbait kontrako bandoan kokatu ondoren apoak eta sugeak balira bezala botaz burges, infantil edo likidazionista bezalako edertasunak.
Ez dut uste kalifikatzaileak nagusitzen diren debate horietatik ezer eraiki daitekeenik. Baina, era berean, ez dakit eraikuntza-fasean gauden ala hondeamakinak martxan jartzen.