Askok probokaziotzat jo dute VOX-ek Andaluzian emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako legeak bertan behera uzteko mahai gainean jarri duen proposamena. Ez daukat zalantzarik Abascalen alderdi neofaxista desiratzen dagoela egunkarietako titular merkeak lortzeko, begibistakoa da proposamen horrekin lortu dituela batzuk, baina kontuak eduki dezakeen irakurketa mediatikoaz gain, hain alor delikatuan atzera pausoak emateko posibilitatea publikoki planteatua izan da. Muga bat hautsi da.
Eta, ni behintzat, ez naiz arerioak gutxiestekoa: ez dut uste horrelako zerbait planteatzen duenak kalkulu-akats handirik egin duenik. Akaso, besteak gara irakurketa baikorregia egiten ari garenak, pentsatzen dugulako mota horretako legeak begi onez ikusten dituela gizarte osoak, ageriko biolentzia matxistaren aurrean minimoetako babesa eskaintzen dutenez.
Badago gizartearen erdia zeharkatzen duen gizontasun zauritu bat, sumatzen zaila ez dena, baina orain arte formulazio argirik eduki ez duena; eta artikulatu gabe dagoena, baina bere boto-merkatua eduki dezakeena. Adi beren boteretxoa galdu nahi ez duten gizonekin: putre elektoralek haien botoa mobilizatzea bilatzen badute, ondorioak ikaragarriak izan daitezke.